Euskadiko toka eta Osinaldeko bola txapelketetan txapel guztiak Gabirian geratu dira
Tokako txapeldunak Iñaki Maiz eta Naiara Peñagarikano gabiriarrak dira. Osinalde bola lehiaketa Joxean Ormazabal herritarrak irabazi du.
Bola eta toka jardunaldi oparoa izan zen gabiriar kirolarientzat Gabiriako herrian bertan larunbatean jokatutakoa. Euskadiko Toka Txapelketan Iñaki Maiz gizonetan eta Naiara Peñagarikano emakumeetan suertatu ziren txapeldun. Maizek 16 jo zituen, sei tiralditan. Bigarren postuan, Euskadiko bost txapelaren jabe den Antonio Amundarain izan zen (11), hirugarren Jose Antonio Calvo (11), eta laugarren Juan Mari Iñurritegi (10).
Emakumeetan, Peñagarikanok zortzi burdin jo zituen. Elena Aldaz (3), Rosa Santos (2) eta Pake Galdos (2) sartu ziren sarien postuetan. Denera, 34 tokalarik parte hartu zuten.
Joxean Ormazabal bolatan
Osinalde 28. Bola Txapelketan 55 bolarik bota zuten. Txapeldun orokorra Joxean Ormazabal izan da, 38 punturekin. Hiru zazpiko bota zituen –sari berezi hori ere bereganatu du, Patxi semea birla jartzaile zuela–. Bigarren Iñaki Maiz (36), 3. Felix Maiz (36) eta 4. Sergio Aristi (34) izan dira.
Nesketan, bolatan ere Naiara Peñagarikanok irabazi du (35). Garbiñe Alustiza (31), Rosa Santos (30) eta Ane Etxebeste (29) sailkatu dira ondoren. Gazteen Etxahun garaikurra ere Ane Etxebestek jaso du, Ander anaiaren aurretik.