Santa Fe jaietako igande arratsaldea musika eta dantzaz beteta
Zaldibiko Santa Fe Jaietako igande arratsaldean plazako karpa lepo bete dute musika eta dantza artean, herriko dantza taldeak eskainitako ikuskizuna ikusteko.
Santa Fe Jaiak badoaz aurrera eta igande arratsaldea lasai ederrean pasatzea erabaki dute zaldibiarrek, aurreko egunetan izan baitute nahikoa festa eta mugimendu herrian, antza denez. Joan den asteazkenean hasi ziren jaiak eta hurrengo asteburuan emango diete amaiera. Egun hauetan zehar hainbat ekitaldi, ekintza zein egiteko izan dituzte herrian, musika eskaintza, bingo herrikoia, bertsolariak eta jokoak tarteko.
Iztueta Dantza Taldearene eskutik ikuskizuna izan dute herriko plazako karpan. Taldeko partaide guztiek hartu dute parte ikuskizunean, hasi txikienetatik eta helduenetaraino. Denetariko dantzak ikusi ahal izan dituzte gerturatu direnek, errazenetatik zailenetara edo bitxienetara.
Txikienek ohiko dantzak egin dituzte batez ere, hala nola, Txulalai. Pixka bat helduagoko haurrek ere dantza ederrak eskaini dituzte, Txotxongilo, kasu. Ohiko dantzetatik berezienetara egin du jauzi ikuskizunak helduen taldearekin.