Maitane Legarretak gidatuko du Arranoko bertso saioa, lehen aldiz
Sei bertsolari gidatuko ditu; erdiak, beasaindarrak, Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta German Urteaga –irudian–. Hausnarketarako, jolaserako eta barre egiteko gaiak prestatu ditu. Sarrerak salgai daude, sei euroan.
Maitane Legarreta Etxezarretak Arrano kultur elkartearen udazkeneko bertso saioan gai jartzaile lanak egingo ditu. Lehen aldia izango du. Inozentada dirudi, baina ez da abisatu zuen bere sare sozialetan.
«Antolatzaileek gai jartzaile bat behar zuten eta norbaitek nigan pentsatu zuen. Egokia nintzela iruditu zitzaien, bertso zalea naizelako eta Arrano kultur elkarteak antolatzen dituen saiotara beti joaten naizelako, azaldu du. Eskariak, baina, «erabat ezustean» harrapatu zuen. Dena den, «proposamena egin bezain pronto, segidan, bederatzi ideia etorri zitzaizkidan burura. Egin nezakeela pentsatu eta aurrera egitea erabaki nuen», gaineratu du.
Hasierako ideiak fintzen joan da eta biharko saioko gidoia prest du. Ez du askorik aurreratu, pistarik ez emateko, baina iragarri du hausnarketarako, barre egiteko eta jolasteko tartea izango dela.
«Uste nuen egunak gerturatu ahala urduritzen joango nintzela, baina ez. Ilusionatuta nago», aitortu du. Eta arduratuta. «Gai jartzailearen ardura da bertsolariak eta entzuleak gustura sentiaraztea, eta hori ardura handia da».
Hiru beasaindar
Oholtzara igoko diren sei bertsolarietatik hiru beasaindarrak izango dira: Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi eta German Urteaga. Lehendabizikoa Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietan da. Ez da txapelketa betean dabilen bakarra izango, Alaia Martin ere Beasainen izango delako. Are, urriaren 22an, biak elkarren aurka arituko dira Elizondon. Peru Abarrategi eta Maddi Ane Txoperena dira seikotea osatzeko falta diren biak. Txoperenak Igartza Literatura Beka irabazi zuen duela bi urte.
Sarrerak online eros daitezke, sei eurotan. Egunean bertan Usurbe Antzokiko lehiatilan ere salgai egongo dira. Saioa 22:30ean hasiko da.