Asteleheneroko elkarretaratzea egin dute pentsiodunek, zerga jaitsieran arreta jarrita
Udako etenaren ondoren, legazpiarrek hilabetetik gora daramate pentsio duinen alde astelehenero elkarretaratzea egiten udaletxe aurrealdean. Gaur ere dozenaka herritar elkartu dira, oraingoan balizko zerga jaitsieran arreta jarrita.
Ohi bezala, ohar bat irakurri dute elkarretaratzean, eta bertan hurrengo urteari begira Eusko Jaurlaritzak Pertsona Fisikoen
Errendimenduaren gaineko Zergan ezarri nahi duen deflaktazioaz hitz egin dute. “Errenta baxuenen alde” egiten duela argudiatu omen du Jaurlaritzak, baina “horrek ez du zerikusirik errealitatearekin”, neurri hori modu linealean aplikatuz gero, “onuradun handienak errenta altuak edo oso altuak dituztenak
dira, neurri txikiagoan ertainekoak dituztenak eta
gutxian edo ezertan ez errenta baxuak dituztenak”. Azken multzo honetan sartuko lirateke 14.000 eurotik beherako pentsioak kobratzen dituzten Euskal Autonomiko Erkidegoko 176.254 pentsiodunak, errenta aitorpena egitera ez daudelako derrigortuta. Beraz, gaur irakurri duten oharrena jaso dutenez, deflaktazio horrek errenta txikienei mesede egingo dietela esatea “gezur hutsa da, baita pentsiodunen eta langileen inteligentzia iraintzea ere”.