Ikasgelak gaur ireki ditu ateak
Udalak ikasleen eskura jarritako zerbitzuaren ordutegia luzatu egingo da asteburuetan eta jai egunetan. Uztailean ere egun gehiagotan irekiko dute.
Legazpiko Udalak ikasleei eskaintzen dien Ikasgela zerbitzua gaur jarri da martxan berriz. Aurrekoetan bezala, bi alditan irekiko da zerbitzua ikasturte honetan ere. Lehenengo epea gaurtik otsailaren 17ra bitartekoa izango da, eta bigarrena, martxoaren 6tik uztailaren 7ra artekoa.
Zerbitzua ikasturtearen lehen aldi honetan erabili nahi duten ikasleek, dagozkien txartelak eskatu behar dituzte udalaren web-orriko Egoitza Elektronikoan edo udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, eta ondoren Kultur Etxean jaso. Eskaerarekin batera 2022-2023 ikasturteko matrikularen agiria aurkeztu beharko dute.
Ikasturte honetako hobekuntzak
Gaur hasi den ikasturte honetarako, hainbat hobekuntza egin ditu udalak zerbitzuan, ikasleek uztailean egindako balorazioan jasotako ekarpenei jarraituz. Hala, asteburuetan eta jaiegunetan ordutegia ordu erdi luzatu da, txartelak itzultzeko epea ere luzatu da, eta uztailean, egun gehiagotan irekiko da.
Hala, ikasgela 08:00etatik 21:00etara egongo da irekita astelehenetik ostiralera, eta 09:30etik 20:30era larunbat, igande eta jaiegunetan.
Zerbitzu hau 18 urtetik gorako ikasleei dago zuzenduta; udalerrian erroldatuta egon behar dute, eta heziketa-zikloak edo unibertsitate-ikasketak egiten egon behar dira. Ikasgela Saturnino Telleriako biribilgunean dago, lehengo musika eskolan, eta 24 plaza ditu, interneterako konexioarekin.