Lazkaon Urriaren 12aren aurkako elkarretaratzean parte hartu zuten zenbait lagun identifikatu ditu Ertzaintzak
Elkarretaratzean mozorrotuta egon ziren herritar batzuk, eta jostailuzko armak zeuzkaten bi lagunek isuna jasoko dutela salatu du Sortuk.
Urriaren 12an, Espainiako Egunaren aurkako elkarretaratzean parte hartu zuten zenbait lagun identifikatu egin zituela jakinarazi du Lazkaoko Sortu alderdiak. Ez dugu ezer ospatzeko, alde hemendik! pankartaren atzean bildu ziren zenbait lazkaotar, plazan. Haietako batzuk mozorrotuta zeuden, guardia zibilez, legionarioz, epailez, fraidez edo apaizez jantzita. Kontzentrazioa ikusten egon ziren Ertzaintzako bi agentek mozorrotuta zeuden protestariak identifikatu egin zituzten bilkura bukatutakoan, baita une hori grabatzen ari zen beste herritar bat ere.
Elkarretaratzean Urriaren 12a Euskal Herrian “jai egun arrotza” dela salatu zuten, “indar zapaltzaileek” bertatik alde egin behar dutela eskatu zuten. “Elkarretaratzean zehar inguruan egon den ertzain bikoteari, ordea, badirudi ez zaiola gehiegi gustatu herritarrek egin duten ekintza hau. Amaieran, mozorrotuta zeuden herritarrak identifikatzeari ekin diote. Hori ikusitakoan, inguruan zeuden herritarrak babesa ematera inguratu dira”, dio Sorturen kontakizunak.
Mozorrotutako bi lagunek isuna jasoko dutela ertzainek “mehatxu” egin zutela ere gehitu du Sortuk, “jostailuzko armak zeuzkatela eta konfusioa eragin zezaketela” esanda. Grabatu zuenari, berriz, irudiak publikatuz gero ere isuna jasoko duela ohartarazi zioten.
Ertzaintzaren esku hartze hori “erridikulu eta probokazio ekintza galanta” izan dela deitoratu du Lazkaoko Sortuk, “guztiz lekuz kanpokoa”. “Beste behin, Ertzaintzaren jarduera lotsagabe hau salatu nahi dugu”.