Legazpik 80 urtetik gorako herritarrak omendu ditu
Udalak, Nagusilanek eta Buztintegik antolatutako bazkarian, 185etik gora aiton-amona elkartu dira. Ignazio Agirreburualde eta Karmen Balerdi senar-emazteek, Alfonso Retegik eta Lourdes Alustizak antolatzaileen eta partaide guztien omenaldia jaso dute.
Legazpiko Udalak eta Nagusilan eta Buztintegi elkarteek antolatuta, 80 urtetik gorako legazpiarren festa eguna da gaur. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, herriak berreskuratu egin du nagusien urteroko juntadizoa.
Festa eguna eguerdian hasi da, parrokian Fernando Altolagirre parrokoak eskaini duen mezarekin. Ondoren, 185etik gora legazpiar nagusi elkartu dira bazkaltzeko Azokan, hainbat boluntariorekin batera.
Bazkaltzen hasi aurretik, ohitura den moduan, bertaratutako nagusienei –aurreko edizioetan omenduak izan ez direnei– omenaldia egin zaie. Aurten, 92 eta 86 urteko Ignazio Agirreburualde eta Karmen Balerdi senar-emazteak, 92 urteko Alfonso Retegi eta 94 urteko Lourdes Alustiza izan dira omenduak, eta lore sortak eta beste opari batzuk jaso dituzte Koldobike Olabide alkatearen eta Maite Lonbide zinegotziaren eskutik. Aurreskua dantzatu diete ondoren, eta taldeko argazkia atera eta gero, bazkariari hasiera eman diote.
Festak bazkalondoan izango du jarraipena, Alaitasuna Errondailaren emanaldiarekin.