“Ile apainketa nire sormena mugarik gabe garatzeko bitartekoa da”
Harkaitz Barrerosek Urretxun ile apaindegi bat ireki zuenetik 25 urte bete berri dira. Lagun artean ospatu du mende laurdeneko ibilia. Nazioarteko moda pasareletan ere ibiltzen da.
Kasualitatez egin zen ile apaintzaile Harkaitz Barreros (Urretxu, 1978), baina “aurkikuntza” bat izan zen beretzat. 25 urte daramatza lanbide horretan, eta Urretxuko ile apaindegian egiten duen lana nazioarteko moda pasareletan egiten duenarekin uztartzen du. “Izaera” eta “nortasuna” dira haren lana ondoen definitzen duten hitzak. Etxetik kanpo “lan asko” egiten duen arren, ez du ahaztu nondik datorren. “Hori da aitona-amonek utzi didaten bizi irakaspenik garrantzitsuenetako bat”.
Urretxun ile apaindegia ireki zenueneko 25. urteurrena ospatu berri duzu, lagunez inguratuta.
Urriaren 1ean bete genuen 25. urteurrena. Larunbatarekin egokitu zen eguna, eta, zortez, lagun artean ospatzeko aukera izan genuen. Urretxun gaude, baina, herrian ez ezik, Espainian eta nazioartean ere lan asko egin dugu 25 urte hauetan.
Nolatan zara ile apaintzaile?
Oinarrizko ikasketak amaitu eta gero, 14 urterekin batxilergoa ikasten hasi nintzen. Garai hartan ez zegoen aukera handirik… Bi urtean egin nuen batxilergoa, baina ez nuen atsegin, ez nuen neure burua hor ikusten. Ofizioak ikasteko zeuden aukeren artean, ile apainketa aukeratu nuen, kasualitatez, baina aurkikuntza bat izan zen. Nire lanbidea bidaia eta bidea izan da ordutik.
Nola gogoratzen dituzu zure haurtzaroa eta nerabezaroa?
Oso oroitzapen politak ditut. Oso haur zoriontsua izan nintzen. Urretxuko Gainzuri ikastetxean egin nituen oinarrizko ikasketak. Ez nintzen aparteko ikaslea, baina nire trikimailuak nituen ikasgaiak gainditzeko. Irakasleek beti esaten zidaten oso lausengarria nintzela. Nerabezaroan errebelde samarra izan nintzen, baina herrian beti oso gustura sentitu izan naiz. Besteak beste, horregatik finkatu nuen hemen nire ile apaindegia.
Jon Maia lehengusua duzu. Riomundo bere lehendabiziko eleberrian zuen familiaren historia kontatzen du. “Abuela” eta “abuelo” etorkinak izan ziren Zumarragan.
Oraindik ez naiz gai izan Riomundo hasieratik bukaerara irakurtzeko; asko hunkitzen nau. Bertan jasota daude “abuelak” eta “abuelok” haurrak ginela kontatzen zizkiguten istorio gehienak. Niretzat, nire bizitzaren parte dira guztiak.
Zer gogoratzen duzu istorio horietatik?
“Abuelo” Villaverde de Guadalimarrekoa [Albacete, Espainia] zen, eta “abuela”, Cabeza de Bueykoa [Badajoz, Espainia]. Uztailean izan nintzen “abuelaren” jaioterrian; ez nuen ezagutzen. “Abuelak” eta “abuelok” gerra garaian ezagutu zuten elkar. Galtzaileen bandokoak ziren, errepublikanoak. Aitona makia izan zen, eta kartzelan ere egon zen. Amonak txurroak eta kauserak saltzen zituen; ahal zutenean aritzen ziren. Bizimodua zaildu egin zitzaien, ordurako seme-alabak ere bazituzten, eta, jaioterria utzita, etorkizun hobe baten bila etorri ziren Euskal Herrira, Zumarragako Etxeberri auzora.
Urretxuarra zara jaiotzez, baina familia kanpotarra izateak eraginik izan al du zugan?
Nire izena euskalduna da, baina abizenak, ez: Barreros, Soria, Gimenez, Valderrama naiz. Eskolan, beste batzuen abizenekin alderatzen nituen, eta nireak ezberdinak zirela oroitzen dut; horrek nire identitatearen inguruan hausnarketa bat egitera bultzatu ninduen. Etxetik kanpo euskaraz egiten genuen, baina etxean ez zekien inork euskaraz. Hala ere, “abuelok” garrantzi handia ematen zion hizkuntzari, eta oso harro zegoen bere “ñako” guztiek euskaraz hitz egiten genuelako.
Ondo egokitu ziren Euskal Herriko bizimodura?
Hasieran, dena arrotza eta berria zen eurentzat: hizkuntza, ohiturak… Baina segituan egokitu ziren. Bestalde, Euskal Herrira iristean, konturatu ziren errealitate politikoa ez zela eurek Extremaduran utzitakoaren oso bestelakoa. Eurak ihesi etorri ziren hona, baina hemen ere ihesean zebilen jende asko zegoen. Errealitate hori ez zitzaien horren arrotza egin.
Are gehiago, euren larruan bizi izan zuten Euskal Herriko gatazka politikoa, nolabait esatearren. Zuen osaba urte askoan izan da iheslaria, eta kartzelan ere eman behar izan zituen urte batzuk, ezta?
80ko hamarkadan utzi behar izan zuen Urretxu osabak, eta iheslari politiko izan zen 32 urtean; horietatik zazpi, Frantziako espetxe batean eman zituen preso, 2011n kaleratu zuten arte. Ni haurra nintzen, baina etxekoek kontatuta dakit Guardia Zibilak etxean hainbat sarekada egin zituela osabaren bila. Familiarentzat beti kezka iturri izan zen; une batetik bestera, egoerak okerrera egin zezakeen, eta horrekin bizitzen ikasi behar izan genuen. Urte horietan ahal genuen moduan mantendu genuen harekin harremana.
“Abuelo” eta “abuela” ez daude jada, baina zer utzi dizute?
Beti irakatsi izan ziguten ez genuela inoiz ahaztu behar nondik gatozen. Bizitzak jartzen gaituen egoera guztien aurrean ilusioz aurrera egiten ere irakatsi zidaten.
Zure ibilbide profesionalera itzulita, 17 urte zenituela hasi zinen ile apainketa ikasketak egiten. Garai hartan ez zen ohikoena izango zure adineko mutil batek ile apainketa ikasketak egitea, ezta?
Tolosan egin nituen ile apainketako oinarrizko ikasketak, bi urtean. Eskolan bi mutil eta 32 neska geundela gogoratzen dut, eta irakasle guztiak ere emakumezkoak zirela. Segituan konturatu nintzen eroso sentitzen nintzela lanbide honetan, eta Madrilera joan nintzen ikasketetan sakontzera. Garai hartan, hemen ez zegoen informazio askorik esparru honetan. Madrilen mundu bat ireki zitzaidan begien aurrean. Lanbidearen beste alderdi bat ezagutzeko aukera izan nuen.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Bi mundu guztiz ezberdinekin egin nuen topo esparru berean. Tolosan ikasitakoa oso oinarrizkoa izan zen, eta Madrilen ilea apaintzeko modu ezberdinak deskubritu nituen. Han bertan aritzen ziren profesionalek beste lan mota batzuk ere egiten zituztela konturatu nintzen; bildumak egiten zituzten, desfileetan parte hartzen zuten, telebista programetako pertsonaiak orrazten zituzten, argazkilari eta makillatzaile profesionalekin lan egiten zuten… Bi urte eman nituen Madrilen, ikasi eta ikasi. Urte haietan Londresera eta Parisera joateko aukera ere izan nuen, gainera.
Noiz eta nolatan erabaki zenuen Urretxun ile apaindegi bat irekitzea?
Madrilen ikasten ari nintzela, gurasoek ile apaindegi bat irekitzera animatu ninduten. Garai hartan ile apaindegi asko zeuden herrian, baina gu beste belaunaldi batekoak izanik, zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz ireki genuen ile apaindegia. Hasierako urte haietan arraro samarrak ginela uste zuen jendeak, gurean egiten genuen lanagatik. Baina egindako lan guztiek oinarri sendo bat izan dute beti, urte hauetan guztietan teknika eta estilo asko garatu eta probatu ditugu, estilo modernoenetatik klasikoenetaraino, eta, horri esker, publiko zabal batenganaino iristen jakin izan dugu.
Nolakoak dira gipuzkoarrak, orokorrean, ile kontuetan?
Orokorrean, gipuzkoarroi beti gustatu izan zaigu ondo janztea, ilea egoki eramatea, eta ondo jatea. Horrek lana erraztu digu. Poliki-poliki, jendea gure lana ulertuz joan da, eta haien konfiantza lortu dugu. Gipuzkoan badago arriskatzea gustatzen zaion jendea.
Nola ulertzen duzu zuk zure lanbidea? Zuretzat zer da ile apainketa?
Izaera eta nortasuna dira nire lana ondoen definitzen duten hitzak. Nire lanak eroso sentiarazten nau, asko gustatzen zaidalako. Nire sormena mugarik gabe garatzeko bitartekoa ere bada, bestalde; hegoak ematen dizkit ile apainketak.
Hain zuzen, zure lana ulertzeko bi esparru ezberdindu behar dira: batetik, Urretxun egunerokoan egiten duzun lana, eta, bestetik, modaren alorrean egiten duzuna, ezta?
Hasieratik uztartu izan ditugu bi alorrak. Ile apaindegian egunero egiten ditugun lanez gain, gure sormena garatzeko bilduma ezberdinak sortzen ditugu, gero gaian adituak diren euskarrietan argitaratzeko. Autore lana da, azken batean. Zenbait markaren bitartez, modaren munduan aritzeko ateak ireki dizkit horrek, eta urte batzuk badira jada haien enbaxadore moduan lan egiten dudala Espainian eta nazioartean. Ile apainketako eskola magistralak ematen ditut, eta moda pasareletan ile apaintzaile gisa aritzen naiz lanean, bai Espainian, baita nazioartean ere. Nire lanaren alderdirik politena horixe da, gaur Kopenhagen egon naitekeela, moda pasarela batean lanean, eta bihar Urretxun, betiko bezero bati ilea orrazten. Niretzat, biak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak.
Zuen kasuan, bildumak egiteko, lagunez inguratu izan zarete beti, ezta?
2004an egin genuen lehendabiziko bilduma. Makillatzaileak, argazkilariak, bideo muntatzaileak, modeloak, arropa diseinatzaileak… lagunak izan dira hasieratik. Gaur egun ere bertako jendearekin egiten dugu lan, nahiz eta batzuetan kanpoko profesionalengana ere jotzen dugun. Euskal Herrian talentu handia dago gaur egun; modaren munduan gauza interesgarri asko egiten dituen jendea dago.
Kanpotik begiratuta dirudien bezain friboloa al da modaren mundua?
Markekin lan egitean, dena da luxua: hotel bikainak, modelo politak, arropa garestia, luxuzko jatetxeak, goi mailako pubak… Etxetik kanpora lan egitera zoazenean, oso garrantzitsua da argi izatea nondik zoazen eta zergatik zauden hor. Mundu horretan erraza da iparra galtzea, baina, behin galduta, are zailagoa da lan horretan mantentzea. Gustura joaten gara kanpora, baina bezeroekin egoteko gogoz itzultzen gara Urretxura.