Parte hartu edo parte izan
Udaberrian hasi zuten Herri Hezitzailea proiektuaren barruan, Legorretako haur eta gazteen artean partaidetza sustatzeko prozesua. Udazkenean bigarren fasea egingo dute, hasitako bidean sakontzeko.

Parte hartu edo parte izan. Partaidetzaren eskaileran goren mailan kokatzea da Legorretako Udalaren helburua; parte hartu baino, parte izan filosofia sustatzea, herritarrentzat baino, herritarrekin izatea iparra.
Bide horretan ari dira, Herri Hezitzailea proiektuaren bidez. Iragan astean aurkeztu zituzten orain arteko eta aurrerantzean emango dituzten urratsak. «Orain arte egin ditugun saioetan baino jende gehiagok parte hartu zuen», adierazi du Zelai Amenabarro Legorretako alkateak, zerbait aldatzen ari dela ikusaraziz.
«Proiektuaren iturburua, 2030 plan estrategikoan kokatzen da», hala azaldu du Zelai Amenabarro Legorretako alkateak. Bertan jaso zuten puntuetako bat da, «Legorretako umeen eta nerabeen heziketaren ardura herri osoak hartzea». Horrek esan nahi du, «umeen hezkuntza ez dela eskolako edo etxeko paretetan bukatzen, herri osoa hezitzailea izan daitekeela edo dela baizik, eta heziketa hori egin daiteke modu «konsziente edo inkonziente» batean, «guk erabaki genuen, heziketa hori modu konzientean egitea».
Prozesua abiatzeko «bi elkarteetara» jo zuten. Batetik, Oinherri elkarteko kide egin ziren eta hitzarmena sinatu zuten. Otsailean eman zuten horren berri. Oinherrira jo zuten, «delako Euskal Herri mailan, haur eta nerabeen partaidetza sustatzen dabilen elkarte bat, eta erabat bat dator, gure baloreekin», nabarmendu du Amenabarrok. Oinherri izan da, «prozesu hau garatu ahal izateko markoa jarri diguna».
Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea. Horrela formulatzen du Oinherrik bere lan eremua eta xedea.
Eta bestetik, Arremanitz kooperatiba, «lagundu digutenak, filosofia hau nolabait Legorretara nola ekarri diseinatzen». Prozesua ere gidatu du Arremanitzek.
Partaidetzaren eskilara
«Hiru hanka» ditu prozesu honek; «hezkuntza formala, hezkuntza ez formala eta hor herrigintza ere barne hartuta bai aisialdi taldeak, Gaztetxea,… eta azkenik, administrazioa, kasu honetan, udala».
Hiru hanka horiek kontutan hartuta, deialdia zabaldu genuen herrian eta prozesuaren lehen fasea garatu dute animatu ziren herritarrekin, tartean, udako begiraleak, eskola, guraso elkartea eta irakasleren bat ere bai, besteak beste.
Talde eragile horrek gogoeta bat egin du lehenik, zehaztuz, eragile bakoitzak zer antolatzen duen haur eta nerabeentzat eta nola egiten duen. Horrez gain formakuntza jaso dute, nola hori nola aldatu jakiteko, hau da, antolatu behar duten haurrentzat eta nerabeentzat, edo haurrekin eta nerabeekin. «Hor jauzi bat ematea izan da gakoa», zehaztu du Legorretako alkateak; «partaidetzaren kultura sustatu nahi dugu haur eta nerabeen artean, eta horretarako badago partaidetzaren inguruko eskilara bat.
Partaidetzaren eskilara Sherry Arnsteinek herritarren parte-hartze maila desberdinak ebaluatzeko sortutako irudi metaforikoa da, nahiz eta pertsonek enpresetan, erakundeetan eta beste eremu batzuetan duten parte-hartzeari ere aplikatu zaion.
Jatorrizko eskilarak zortzi maila ditu, baina beste bertsio batzuk ere badaude. Maila altuenek herritarren botere-maila handiagoa adierazten dute. Beheko mailak parte-hartze ‘engainagarriaren’, ‘ez-parte-hartzearen’ edo benetako parte-hartzearen ordezkoen eredutzat hartzen dira. Erdialdeko mailak ‘formulismo’ maila bati dagozkio.
Horrelako sailkapen bat baliagarria da herritarrentzat; izan ere, ezagutza horri esker, zer parte-hartze mota eskaintzen zaien baloratu dezakete, eta, agian, benetako parte-hartze mailak eskatu. Izan ere, herritarren parte-hartzeari buruzko ondorengo argitalpen ugarik figura horri egiten diote erreferentzia.
Udaletik bultzatu nahi dutena da, eragileek ere partaidetzaren eskilara oinarri izanda, eskilararen maila gorenean kokatuta lan egitea. Hain zuzen ere, eskilaran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa delako parte hartzea.
Aldaketa barrutik kanpora
Hori oinarrian, batetik Ugaro herri eskolan irakasleak eurak egin zituzten saio batzuk, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin. Eta bestetik, Arremanitzeko hezitzaileek ere egin zituzten saio batzuk, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoekin. Hortik ere diagnostiko bat osatu zen, «herrian zer dagoen eta zer behar den zehaztuz», eta orain, asmoa da, «talde eragilean kide gehiago izatea eta talde eragileko kideei proposatu zaie, hausnarketa ariketa egitea, urtean zehar antolatzen dituzten ekintzak nola antolatzen dituzten aztertzeko».
Hasitako bidean sakonduko dute bigarren fasean, eta lehenik eta behin, Oinherrirekin formakuntza saioa egingo dute, eta horren ondoren, bi lan saio, talde eragileko kideekin, norbere antolaketa hori aldatzen hasteko. Azaroan egingo dituzte bi saioak, lehena, hilaren 9an.
Gazteen erantzuna
Justu prozesuaren lehen fasearen bukaeran, uda iritsi zen, eta herriko gazteen aldetik «uda gogorra» egiten zaiela jaso zuen udalak. Hori kontuan izanda, saio bat gehiago egin zuten gazteekin. «Galdetu zitzaien ea irteera batzuk antolatuz gero parte hartuko luketen», azaldu du Amenabarrok. Partaidetza «handia» izan zen, badirudi herriko gazteek ikusi zutela aldaketa bat, eta haiekin elkarlanean, halaxe antolatu genituen udako irteerak». Uztailean astero bi irteera izan zituzten. Parte hartu zuten DBH 1 etik DBH 4ra bitartekoek, eta 52 gazte ibili dira irteera hauetan. «Ikaragarrizko arrakasta», esan du alkateak.
Legorretako gazteek esaten dute aisialdian hutsune handia dagoela herrian, baina bestetik esaten dute, «herrian geratu nahi dutela», beraz, ikus daiteke herriarekiko atximendua «handia» dela. Amenabarro alkatearentzat hori da «oso oinarri sendo lanerako, oso balio garrantzitsua», eta uste du «heldu egin behar diogula horri, gal ez dadin eta indartu dadin».