Basoak eta burdinola gehiago ezagutzeko aukera izango da igandean Mirandaolan
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, bisita gidatu bat antolatu du Lenbur Fundazioak. Alvaro Aragon izango da gidaria. Parte hartzeko izena eman behar da.
Euskal Herriko basoak eta burdinolak izango dira iganderako, urriak 30, Lenbur Fundazioak antolatu duen bisita gidatuaren gaiak. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatuta, Alvaro Aragon aditua izango da gidaria. Plaza mugatuak daude, eta izena eman behar Mirandaolako turismo bulegoan edo 943 73 04 28 telefono zenbakian. Prezioa 7 eurokoa da, eta barruan sartzen da bisita komentatua eta burdinola martxan ikusteko sarrera.
Euskal Herriko basoen jasangarritasuna Erdi Arotik Aro Berrira du izena ekintza honek. 11:00etan turismo bulegotik aterata, Alvaro Aragonek “Euskal Herriko baso tradizionalaren ezinbesteko osagai” diren zuhaitz lepatuak edo zuhaitz motzak erakutsiko dizkie partaideei.
“Balio kultural eta historikoa izateaz gain, XIII. mendetik eta ia 600 urtez garatzen joan zen baso-kudeaketa jasangarri baten lekuko ere badira” zuhaitz horiek, “mende luzez, gure arbasoek basoaren kudeaketa jasangarria egin zuten eta beraiengandik asko dugu ikasteko”.
Bisita borobiltzeko, Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera izango da.