Adif zuhaitzak kimatzen ari da trenbide ondoan
Besteak beste, Legazpin eta Beasainen ari da lan horiek egiten, trenbide sarea hobetzeko plangintza baten barruan. Legazpiko lanek agerian utzi dituzte Bikuña burdinolako aztarna arkeologikoak.
Legazpin Bikuña-txiki parean eta Beasainen Salbatore inguruan trenbide ondoan azken asteotan egiten ari diren kimatze lanek arreta deitu dute, moztutako zuhaitzen enborrak kolorez margotu dituztelako. Espainiako trenbide sarea mantentzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den Adif enpresa publikoa ari da egiten lan horiek, eta arduradunek azaldu dutenez, enborrak lodieraren arabera sailkatzeko margotu dituzte kolore desberdinez.
Renferen Madril-Hendaia lineako Gipuzkoako tartean trenbide sarea hobetzeko plangintza orokorraren barruan kokatzen dira lanak, eta trenbide ondoko zuhaitzak kimatzeaz gain, trintxerak eta ezpondak indartzen ari dira.
Legazpin, Bikuña burdinola agerian
Legazpin Bikuña-txiki parean egiten ari diren lan horien ondorioz, agerian geratu dira landareek estaltzen zituzten aztarna arkeologikoak, toki horretan zegoen Bikuña burdinolarenak hain zuzen.
Bikuña burdinolaren lehen aipamenak 1384koak dira, eta martxan egon zen XIX. mendearen hasierara arte. Burdinolara ura eramaten zuen kanalaren eta antepararen arrastoak dira orain, landarerik gabe, ikus daitezkeenak. Burdinolaren aztarnak, aldiz, suntsitu egin ziren industrialdeko errepidea egin zutenean. Obra haiek egin aurretik, ordea, esku-hartze arkeologiko bat egin zen 2000. urtean, eta besteak beste tunel hidraulikoa, tailerra, ikaztegia eta hainbat horma dokumentatu zituzten.