Donostiako txistulariek kontzertua egingo dute larunbatean Legazpin
Goiz Deia Txistulari taldea, Doinua Abesbatza, Bertso Olariak, Herri Danborrada eta Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako dantzariak izango dituzte ondoan. Emanaldia Azaroan Musika zikloan kokatzen da.
Azaroan Musika Zikloaren emanaldi berri bat dago iragarrita larunbaterako, hilak 12, eta bertan, Goiz Deia Txistulari taldeak gonbidatuta, Donostiako Txistulari Bandaren kontzertua izango da. Emanaldia Latxartegi Aretoan izango da, 19:00etan. Sarrera dohainik izango da.
Donostiarrekin batera, Legazpiko txistulariak ere arituko dira, Doinua abesbatzarekin, Bertso Olariekin, Herri Danborradako kideekin eta Korosti eta Sustraiak Dantza taldeetako dantzariekin batera.
Talde poli-instrumentala
Donostiako Udalaren Txistulari Banda Jose Ignazio Ansorenak, Aitor Arozenak, Jagoba Astiazaranek, Juan Vegak, Ion Irazokik, Jokin Kanpionek, Agustin Laskurainek, Francisco Lerak, Julio Garciak eta Aitor Gastonek osatzen dute. Txistulariek musika tresna horren alderdi asko jorratzen dituzte, tradizionalak batzuk eta berri-berriak besteak. Errepertorio herrikoia ondo ezagutzen dute eta ganbera musika ere jotzen dute, bakarka nahiz beste ahots zein instrumentu talde batzuekin batera. Errepertorio aberatsa, askotarikoa eta kalitate handikoa dute.
Musikari horietako seik euskal txistu eta danbolinaren familiako tresnak jotzen dituzte (txirula edo txilibitua, txistua eta silbotea, zein bere danbolinarekin), eta beste biak perkusio jotzaileak dira.
Denak musikari profesionalak eta tituludunak dira eta, musika jotzeaz gain, irakasle lanak ere egiten dituzte Donostiako Udalaren Musika Eskolan. Gainera, beste tresna batzuk ere jotzen dituzte, hala nola teklatuak, baxu elektrikoa, perkusio arloko asko, flauta eztiaren familia, kornetoa, serpentoia… talde poli-instrumentala eta aldakorra da. Legazpin beste musikari batzuekin joko dutenez, agerian geratuko da ezaugarri hori.