Euskaraldirako txapak jasotzeko hitzorduak
Legazpiko batzordeko kideek mahai bat jarriko dute bihar, etzi eta ostiralean Agirre-etxeberrin, baina udaletxean eta kultur etxean ere jaso ahal izango dira. Euskaraldiaren egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Legazpiko Euskaraldiaren batzordeak zehaztu ditu aurtengo ediziorako txapak biltzeko egunak. Hilaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lemapean egingo da Euskaraldia, eta egun horietan Ahobizi edo Belarriprest izango direnek bihar, etzi eta ostiralean jaso ahal izango dituzte dagozkien txapak Agirre-etxeberri inguruan jarriko duten mahaian, 17:30etik 19:30era.
Egun eta ordu horietan txapa jaso ezin dutenek hilaren 14tik 17ra arte jaso ahal izango dute udaletxean goizetik, eta Kultur Etxean arratsaldetik.
Aurtengo Euskaraldiaren banderatxoa ere salgai egongo da, 5 euroan.
Legazpiko ekitaldiak
Euskaraldiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Legazpin, eta lehena, hamabostaldi hori hasten den egunean bertan, euskararen erabilera sustatzeko helburua duen ariketa abian jartzeko. Hilaren 17an izango da ekitaldi hori, Nere Arriolaren eskutik, 18:30ean, Euskaraldia plazan, hau da, Kale Nagusia hasten den gunean, eliza ondoan.
Hurrengo egunean, Ipuin labur-labur-laburren lehiaketaren hirugarren edizioan lanak entregatzeko epea irekiko da, Euskaraldiarekin batera amaituko dena, abenduaren 2an. Lanak kalean jarriko diren etxetxoetan entregatu beharko dira, eta sariak Gabonen atarian banatuko dituzte.
Bestalde, hilaren 21ean eta 22an Jolas Molaz, familian jolasteko egitasmoa landuko dute 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxeko areto nagusian. Bertan, atera berri diren eta euskarazkoak diren jostailuak nolakoak diren eta nola jolasten diren azalduko dute.
Eta hilaren 24an, Felix Ibargutxiren Legazpiko bertsolaritza pausoz pauso liburua aurkeztuko dute, mahai inguru batez eta bertso musikatuez lagunduta.