Subeltza egunaren edizio berri bati begira jarri dira Legazpin
Larunbat arratsaldetik goizaldera bitartean, musikaz bete zen Azoka. Sei taldek jo zuten, tartean Subeltza kolektiboaren lokaletan entseatzen duten lauk.
Larunbat arratsaldeko Subeltza egunean, zuzeneko musikaz gozatzeko irrikitan zegoen jende ugari elkartu zen Legazpiko Azokan. Musika festa 17:30ean hasi zen, eta goizaldera arte iraun zuen. Azoka inguruan artisau garagardoak saltzeko jarri zituzten postuak sortu zen giro paregabearen lagungarri izan ziren.
Los Notas, Emaion, The Bluesy Boys, Oxida, Elbereth eta Capsula izan ziren protagonistak, baita azken unean emanaldia bertan behera utzi behar izan zuen John Dealer & The Cocunuts ere. Antolaketa lanetan Subeltza kolektiboak jardun zuen.
Antolatzaileek aurtengo Subeltza Egunaren balorazio ona egin dute, «arratsaldetik hasita jende asko ibili zen, eta taldeak ere oso ondo egon ziren, primeran».
Subeltza eguna, 2008tik
Bikuñako musika pabilioian entseatzen duten taldeek antolatzen dute Subeltza Eguna, udalak eskainitako lokalen erabileraren truke. Lehena 2008an izan zen, eta geroztik 2014an, 2016an, 2017an, 2018an eta 2019an ospatu da. Aurtengoa amaituta, hurrengo jaialdiari begira jarrita daude Legazpiko musikariak
Bitartean, musika sortzen eta jotzen jarraituko dute Subeltzaren lokaletan. Lokal horiek Bikuñako industrialdean daude, eta 14 dira guztira. Horien artean grabaketa gela bat eta musika tresnak konpontzeko gela bat daude. Besteak, entseatzeko gelak dira.
Egun, estilo ezberdinak lantzen dituzten 13 musika talde daude lokal horietan sartuta: Elbereth, John Dealer & The Cocunuts, Butch, The Velvet Bullets, Latoga, Los Notas, Anker, Insanos, Rudeska, Billy Club, R ke R, Oxida eta Emaion.