Gaur dira Buztintegik antolatutako belaunaldien arteko jokoen finalak
Gizarte Zentroan jokatuko dituzte azken partidak, 17:30ean hasita. 253 legazpiar aritu dira lehian, jubilatuen eta pentsionisten elkartearen gonbidapenari erantzunez.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/11/buztintegi-jokoa.jpg)
Buztintegiren 25. urteurrena ospatzeko, elkarteak urtero antolatzen dituen karta eta mugimendu jokoen txapelketak herri osora zabaldu ditu aurten, belaunaldien arteko topaketa bat proposatuz. Gaur jokatuko dituzte finalak, Gizarte Zentroan, 17:30etik aurrera, eta 19:00etan sariak banatuko dituzte.
Jubilatu eta pentsionisten gonbidapenari erantzunez, adin askotako 253 legazpiar aritu dira jokoan. Kartetan, musean, tutean, briskan, seiko urrean, eskoban eta punttuan jardun dute, baita xakean, igelean, tokan eta botean ere.
Jokoak, belaunaldi desberdinetako herritarrak elkartzeko aitzakia izan dira, eta jubilatu eta pentsionistez gain, Haztegi ikastolako ikasleek eta Santikutz xake taldeko kideek, Danantzako bolariek, eta Lekanazpi eta Nagusilan elkarteetako kideek parte hartu dute.