Legazpiko sozialistek energia komunitateak aldarrikatu dituzte
Beste udalerri batzuekin alderatuta, gai horretan Legazpi "atzean" geratzen ari dela salatu dute.
Legazpiko sozialistek herrian komunitate energetikoak eratzeko premia aldarrikatu dute. Andoainen martxan jarritako proiektua ezagutzen izan da duela egun batzuk Oscar Valbuena udal talde sozialistako bozeramailea, udalerri hartako Maider Lainez alkate sozialistak lagunduta.
Jasangarritasun gaietan Legazpi aitzindaria izan bada ere, beste udalerri batzuekin alderatuz energia komunitateak sortzeko garaian “atzean” geratzen ari dela salatu du Valbuenak, eta gaurko “energia egoera konplikatua” ikusita, udalak “berehala esku hartu” behar duela esan du. Aurrekontuetan komunitate energetikoaren proiektua garatzeko 5.000 euroko partida bat esleituta dagoela ere gogoratu du, “baina, oraindik ez da ezer egin”, lehentasunezkoa eta “gure herritarren onurarako” izan arren.
Gaurko instalakuntzetatik abiatuta
Valbuenak dioenez, Legazpik badu “kide nahikoa” komunitate energetiko bat abian jartzeko, eta horretarako elektrizitatea sortzeko plaka fotovoltaikoak dituzten eraikin publikoak erabil daitezkeela esan du, eta horrek “eraikin horietatik 500 metroko inguruan dauden Legazpiko etxe eta saltoki txikietako urteko faktura elektrikoa % 25era arte murrizteko aukera” emango du. Hori horrela, energia garbia eta zero kilometrokoa sortuko litzateke, eta autokontsumoan oinarrituko litzateke sistema. Gainera, “atmosferara CO2rik ez isurtzen lagunduko dugu”. Hori, “udalerrian 25 urtez CO2 xurgatzen egongo liratekeen zuhaitz kopuru handia landatzearen baliokidea da”.
Gaur egun, Legazpin 250 modulu daude instalatuta zenbait eraikin publikotan, 75KW-ko gaitasunarekin. CEIDA, udaletxe, Domingo Agirre eta Ikastolako teilatuetan eta kiroldegian daude jarrita. Baina gaitasun hori “ia bikoiztu” egin daitekeela dio Valbuenak, eta aurtengo aurrekontuetan kiroldegian plaka fotovoltaiko gehiago instalatzeko 30.000 euroko inbertsioa “sartu” dutela nabarmendu du.
Bestalde, energia komunitatearen ekimena Agenda 2030ean herritarrekin batera landu beharko litzatekeela uste du bozeramale sozialistak, horrek proiektua “aberastuko” egingo lukeelako.