Legazpiko musika talde nagusiak larunbatean elkartuko dira Santa Zezilia ospatzeko
Goiz Deia txistulari bandak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi Musika Bandak pandemia aurreko kontzertuen formatua berreskuratu dute. Aurten Urbeltz pilotalekuan izango da musika jaialdia. Sarrera dohainik da, baina Kultur Etxean jaso behar da.
Azken bi urte berezien ondoren, ohiko formatura itzuli da aurten Santa Zezilia eguna ospatzeko Legazpiko musika talde nagusiek egiten duten kontzertua. Larunbatean izango da, hilaren 19an, eta Goiz Deia txistulari bandak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi Musika Bandak elkarrekin joko dute. Agertokia, hori bai, aldatu egin dute aurten, eta parrokia utzita, Urbeltz pilotalekuan izango da musika jaialdia.
Santa Zeziliako kontzerturako sarrera doakoa da, baina aldez aurretik eskuratu beharko da Kultur Etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ostirala, hilaren 18a da azken eguna.
Musikarien eta antolatzaileen esanetan, Azaroan Musika zikloko “bihotza” da Santa Zeziliako kontzertu hau, eta “urteko musika gertakari garrantzitsuenetakoa herrian.
Lau taldeen emanaldia
Kontzertua 19:00etan hasiko da, baina aurrez, ohi bezala, kalejira egingo dute txistulariek erdigunetik. Ondoren, pilotalekuan, Goiz Deia txistulariek hasiko dute jaialdia, Iker Azpeitia zuzendari dutela. Eli Gordoak zuzenduko duen Alaitasuna errondailaren txanda izango da ondoren, eta Marian Lasaren Santikutz abesbatzarena gero. Legazpi Musika Banda izango da azkena, Jesus Castillejo buru duela.
Kontzertua amaitzeko, elkarrekin joko dute txistulariek eta bandak, eta Korosti eta Sustraiak taldeetako dantzariak izango dituzte lagun. Kolaboratzaile gehiago ere izango dira kontzertuan zehar, eta omenaldietarako tartea ere hartuko dute musikariek.
EGITARAUA
Goiz Deia txistulari banda
– Mendiko soinuak (Jesus Guridi Badiola)
– The Beatles: Let it be, Obladi-Oblada, Yesterday, Yellow Submarine (Moldaketak: Iñar Sastre Lopetegi)Alaitasuna errondaila
– Bajo el cielo de Paris (Hubert Giraud).
– Goizian argi hastian (Pierres Topep ‘Etxahun’)
– Quisiera ser (Duo dinamico)Santikutz abesbatza
– Agurra (N. Telleria)
– Recuerdos de Ipacarai (D. Ortiz)
– Volver tangoa (J.A. Oliveiraren bertsioa)
– Txanton-piperri (B. Zapirain)Legazpi Musika Banda
– Odilia obertura (Jacob de Haan)
– Txirrindularien txirrina polka (C. Sanchez-Barba)Musika banda, txistulariak eta dantzariak
– Legazpi, zortzikoa eta biribilketa (J.I. Ansorena eta J.M. Oiartzabal).