Errefuxiatuentzako janaria, eta kalean bizi direnentzako arropa eta beste hainbat material bilduko dituzte Legazpin
Hotz Legazpi elkarteak bi bilketan parte hartuko du. Janaria eskoletan bilduko da, eta kalean bizi direnentzako materiala Gaztetxean, hilaren 25ean.
Ikasle bat, kilo bat lelopean, janari bilketa ari da egiten Hotz Legazpi herriko ikastetxeetan, Zaporeak elkartearekin elkarlanean. Ostiralean, berriz, kale gorrian bizi direnentzako arropa eta beste hainbat materialaren bilketan lagunduko dio Legazpiko Gaztetxeari.
Hotz Legazpik azaldu duenez, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Zaporeak, besteak beste, Grezian, Lesboseko errefuxiatuen esparruetan daudenei janaria prestatzen die. Han dituzten sukaldeetan egunero 1.300 otordu baino gehiago prestatzea eta kanpamenduko errefuxiatuen arteanbanatzea da elkartearen zeregina. Legazpin eskolan bilduko duten janaria, hain zuzen, Lesboseko sukaldeko biltegira bidaliko dute.
Ikasleei arroz luzea, pasta, babarrunak eta garbantzuak eskatu dizkiete. Hala, hemendik bidalitakoarekin eta hango hornitzaileei erositako barazki, fruta edo haragia bezalako produktu freskoekin osatuko dituzte menuak.
Kale gorrian bizi direnentzako
Beste kanpaina batean ere parte hartuko du Hotz Legazpik aste honetan, ostiralean, hilak 25, Legazpiko Gaztetxean egingo duen arropa eta bestelako materialaren bilketan, hain zuzen.
Kale gorrian bizi direnentzako arropa, oinetakoak, motxilak, lo zakuak, mantak, kanpin dendak, esterillak, linternak, mugikorrak eta sukaldatzeko gailuak eskatu dituzte. Material hori guztia Gaztetxera eraman behar da, ostiralean, 16:30a eta 18:00ak bitartean. Gizonezkoen arropa bakarrik behar da.