Belaunaldiarteko entsalada eta tortilla onenaren bila
Sukaldaritza lehiaketa antolatu dute udalak eta Buztintegik, 'Betikoari buelta eman' izenarekin, belaunaldien arteko harremanak lantzeko. GizarteLab taldeak proposatutako lehen esperientzia da.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/11/img_9389-1200x899.jpg)
Abenduaren 3an egingo den belaunaldi arteko lehen sukaldaritza lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte legazpiarrak GizarteLab taldeko kide diren Feli Arreseigorrek eta Juanjo Zubillagak.
Azokan egingo da Betikoari buelta eman izena jaso duen lehiaketa hau, 12:00etatik aurrera, eta partaideek prestatu beharko dituzten entsaladak eta patata tortillak Gizarte Zentroan dastatzeko aukera izango da ondoren. Parte hartzeko hiru laguneko taldea osatu behar da, eta kideetako bat emakumea izan beharko da. Gainera, belaunaldien arteko lehiaketa denez, kideen artean 25 urteko aldea eskatuko da.
Taldeka edo bakarka eman daiteke izena, eta horretarako azken eguna hilaren 29a da. Gizarte Zentroan eman behar da izena, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 11:00etara, edo udaletxean eta legazpi.eus webgunean ere.
Partaideak bezala, epai-mahaia ere belaunaldi artekoa izango da, eta, besteak beste, originaltasuna, aurkezpena, taldearen giroa eta garbitasuna baloratuko dituzte. Talde irabazle bat baino gehiago egongo da, eta erosketa txartelak eta zinemarako sarrerak bezalako sariak jasoko dituzte.
Gizarte zentroa ireki nahi da
Legazpiko Udala Aldundiarekin batera egiten ari den belaunaldien arteko harremanen lanketaren baitan kokatzen da Betikoari buelta eman lehiaketa, eta lanketa horretarako sortutako GizarteLab taldeak proposatutako lehen esperientzia da. Udala eta Buztintegi elkarlanean ari dira antolaketan, eta azken elkarte honen 25. urteurrenaren ospakizunean txertatu da.
GizarteLabek proposatutako lehen esperientzia honekin, besteak beste, legazpiarrek Gizarte Zentroaz duten pertzepzioa aldatu eta belaunaldi ezberdineko pertsonentzako topagune bihurtu nahi dute.
Arreseigorrek eta Zubillagak esan dutenez, “egun dibertigarri eta desberdin batez gozatzeko” aukera izango da lehiaketa, eta parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.