Kantu afaria antolatu du Lekanazpik abenduaren 2rako
Herritar guztiei zabalduta dago, eta izena emateko epea irekia dago.
Abenduaren 2an, ostirala, kantu afaria egingo du Lekanazpi elkarteak, herriko musikariek jotako gitarren akordeen eta Ane Beloki eta Olatz Laskurainen ahotsen gidaritzapean. Doinu herrikoiez gain, hainbat talderen abestiak elkarrekin kantatzeko aukera izango da bertan, besteak beste Mikel Laboa, Rogelio Botanz, Benito Lertxundi, Hertzainak, Esne Beltza eta Oskorrirenak. Kantu liburuak banatuko dituzte.
Afaria 20:00etan izango da, Lekanazpin bertan, eta menua hauxe izango da: bakailao tortilla, entsalada, saiheskia, euskal pastela eta kafea. Menua bertako produktuekin prestatuko dute. Prezioa 20 eurokoa da, eta langabeek eta ikasleek 14 euro ordaindu beharko dute. Izena eman behar da: https://labur.eus/lekanazpinkantuafaria.
Lekanazpik herritar guztiak gonbidatu nahi ditu kantu-afari honetara, baina bereziki Euskaraldi honetan belarriprest eta ahobizi direnak. Elkarteak, bestalde, arigune izendatu du ekitaldi hau.