Merkatu Txikia eta San Tomas azoka Gabon giroa berotzeko
Haztegi ikastolaren festa larunbatean izango da, Martin Pipas eta guzti. Domingo Agirrekoek igandean egingo dute feria, Asto Txu-txuarekin. Floren Gutierrezek jarri du Olentzero Txorronean.
Gabonak bertan direla gogoratzen duten seinaleak agerian daude Legazpin. Olentzero eta Mari Domingi aspaldi iritsi ziren Mirandaolara, kaleetako argiak piztuta daude joan den astetik eta dendetako erakusleihoak apainduta daude, horietako asko udalak antolatutako lehiaketari begira. Merkatariak, gainera, bi kanpainetan murgilduta daude Ilintiren babesean. Bestalde, Jose Luis Arzuagak jarri du ohiko jaiotza Udanan, eta Txorroneako balkoian ere agertu da Floren Gutierrezek prestatutako Olentzero, opari eta guzti.
Asteburuan, gainera, pandemiaren erruz azken bi urteetan ospatu ez diren bi festa ere izango dira herrian: Haztegi ikastolaren Merkatu Txikia larunbatean, eta Domingo Agirre eskola publikoaren Santo Tomas azoka igandean.
Merkatu Txikia, Haztegin
«Gabonei hasiera goxo eta alaiaematera» gonbidatuz kaleratu du Haztegi ikastolak aurtengo Merkatu Txikiaren egitaraua. Larunbatean, hilak 17, egingo da, Latxartegi parkean, ikastola ondoan. «Izandako etenaren ondoren, hasiak gara ekitaldiei martxa hartzen», azaldu du Sagrario Etxabe zuzendariak, eta egun horretan ohiko festa giroa nagusituko dela agindu du.
Ikastolako gurasoen, irakasleen eta DBH-4ko ikasleen artean antolatutako Merkatu Txikia 11:30ean irekiko da, eta bertan, liburuak, jostailuak, arropak eta beste izango dira salgai, «salneurri harrigarrian». Eguerditik aurrera, gainera, marrazki txokoa egongo da irekita HH5eko gelan.
Festak jarraipena izango du arratsaldean, musikarekin eta Martin Pipasekin. Ohi bezala, 16:30etik aurrera Gabon kantak eskainiko dituzte Lehen Hezkuntzako 6. mailako abesbatzak LHko eta HHko ikasleekin batera. Martin Pipas ondoren hasiko da Olentzerorentzako eskutitzak biltzen. Bertaratzen direnentzat txokolate beroa eta gailetak izango dira. Girorik ez da faltako ikastola ondo horretan.
San Tomas, Azokan
Domingo Agirre eskolak iganderako prestatu duen San Tomas Azokari dagokionez, berriz, «produktuez gozatu eta ondo pasatzeko aukera paregabea» izango dela esanez gonbidatu dituzte herritarrak. Azken bi urteetako hutsunearen ondoren, igande honetan itzuliko da Gabon atariko feria berezi hau.
Azokan egingo dute, 11:00etan dantzatuko duten Agurrarekin hasita, eta festa giroa plaza osora zabalduko da. Ohiko osagaiak izango ditu aurten, eta eskulanen txokoa izango da berritasun bakarra.
Bestela, eskolako irakasleek eta ikasleen gurasoek prestatutako taloak eta txistorra, Azoka ondoan erretako gaztainak, Goierriko barazkien erakusketa, baserriko tresnen erakusketa eta hainbat txoko izango dira: gaztagintzarena, saskigintzarena, txorizoarena, xaboi eta ukendu naturalena, eta txalapartarena.
Ez da faltako, ezta ere, San Tomas Azoka honetako ikur bihurtu den Asto Txu-txua, txikiei plazan zehar asto batek tiratutako karroan ibiltzeko aukera eskainiz. Ohiko zozketa ere egingo dute feriaren amaieran, aurten bertako produktuez osatutako otar batena.