Iruñeko finaletik Majorira
Euskal Herriko Bertso Txapelketako finalistak Ordizian izango dira abenduaren 30ean. Majori kiroldegian da saioa, 17:00etan. Sarrerak aurrez eros daitezke Goierriko bederatzi herritan.
Oraindik ere Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finaleko aparra erabat jaisteko dela, Ordiziako Majorin elkartuko dira berriz zortzi bertsolari finalistetatik zazpi —Julio Sotok ordezkatuko du Beñat Gaztelumendi—. Zazpigarren aldiz abestuko dute Euskal Herriko finalistek Ordizian. Jaialdia Majori kiroldegian izango da abenduaren 30ean, 17:00etan.
Ordiziako Argi Berri elkarteak eta Goierriko Bertsozale elkarteak antolatu dute saioa elkarlanean, eta Goierriko Bertso Eskolak 40 urte izango da goiburua. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre villabonatarra izango da. Majorin 1.388 lagunentzako tokia egokitu dute antolatzaileek.
Sarrerak aurrez erosteko aukera
Goierriko bederatzi herritan eros daitezke sarrerak aurrez, hamabost euroan, honako tokietan: Ordizia (Olano), Beasain (Basakana), Lazkao (Gerriko), Zaldibia (Illati), Segura (Elorripe), Idiazabal (Xume), Ataun (Troskaeta), Urretxu (Osaba) eta Legazpi (Karibe Zaharra). Egun berean hemezortzi euroan salduko dituzte.