Doinua Musika Eskolako ikasleak prest daude larunbateko Eurodisneyko kontzerturako
Igande eguerdian Latxartegin emanaldia egin dute, Parisko parke tematikoan joko dutena senideen, lagunen eta herritarren aurrean aurkezteko. Kontzertua 12:00etan izango da, eta streaming bidez emango dute.
Legazpiko Doinua Musika Eskolako 68 ikaslek osatutako banda handiak Parisko Eurodisney parke tematikoan dauka burua jarrita dagoeneko. Larunbatean, urtarrilak 28, kontzertua egingo dute han, eta igande eguerdian Latxartegin erakutsi zutenez, ondo baino hobeto prestatuta daude hitzordu handi horretarako.
Musikarekin eta dantzarekin zerikusia duten erakundeei zuzendutako Disney Performing Arts programan parte hartuko dute musikari legazpiarrek, eta parke horretako agertoki batean jotzeko aukera izango dute. Asteak daramatzate kontzertua prestatzen, eta egun batzuk lehenago, egindako lanaren emaitza erakutsi diete bertaraino joan ezingo duten senideei, lagunei eta legazpiar guztiei. . Latxartegi lepo bete zen okasiorako igande eguerdian.
Doinuako banda handia
Disney Performing Arts programan parte hartzeko aukeratua izan behar da, eta Doinuako ikasleek bi aldiz bidali dute hautagaitza, musikarekin egiten duten lana bideo batean bilduta. Lehen aldian baiezkoa jaso zuten, baina orduan bertan behera geratu zen bidaia, pandemiagatik. Oraingoan, bigarren aldian ere, gonbidapena jaso dute, eta azken ordukorik gertatzen ez bada, ostegunean abiatuko dira Paris aldera eta igandean itzuliko dira.
Legazpiko espedizioa 68 musikari gaztek, bost irakaslek eta hiru gurasok osatzen dute. Musikariak Doinuako Banda Txikikoak, Gazte Bandakoak eta Fanfarrekoak dira, gazteena 9 urtekoa eta zaharrena 20 urtekoa. Leire Narbaiza da guztien artean osatu duten banda erraldoiaren zuzendaria.
Autobus bakar batean egingo dute joan-etorria. Bidaia etzi 07:30ean hasiko da, eta ondorengo egunak bete-beteak izango dituzte. Ostiralean parkean egingo dute egun guztia, hango atrakzioez eta ikuskizunez gozatuz. Larunbata izango da egun handia, 12:00etan hasiko den kontzertuarekin, eta arratsaldean ere parkeaz gozatzeko aukerarekin. Afaldu ondoren igoko dira berriz ere autobusera, etxerako bidaia egiteko.
Espedizio ofizial horrez gain, bere kabuz joango diren legazpiar gehiago ere izango dira Eurodisneyn.
Lanaren emaitza «bikaina»
Musikariek egindako lana nabarmendu zuen Leire Narbaiza zuzendariak igandean Latxartegin egin zuten aurkezpen kontzertuan. «Ordu asko sartu dituzte entseguetan, eta lan handi horren emaitza bikana da» aipatu zuen, harro.
Disney-rekin zerikusia duten bederatzi piezez osatutako errepertorioa prestatu dute; Aladin, The Mandalorian, Star Wars, The Jungle Book (Ohianeko liburua), Frozen, Moana eta Coco pelikuletakoak dira. Kontzertuak 45-bat minutuko iraupena izango du, eta Eurodisneyk zuzenean erretransmitituko du, streaming bidez.