‘Jakintzen hibridazioa’ izeneko tailer esperimentalen zikloa Igartubeitin
Ezkioko Igartubeiti baserri-museoak Barne begiradak proiektuaren baitan, Jakintzen hibridazioa izeneko tailer esperimentalen zikloa antolatu du, hainbat eragilerekin elkarlanean. Igandean hasi eta otsailaren 22ra bitartean hiru tailer eskainiko dituzte, zeinetan moda jasangarria, zeramika eta dantza artearen diziplinak landuko dituzten. Zikloak Europako Next Generation funtsaren diru laguntza du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, hiri eremuetatik kanpoko kultura eskaintza handitzeko eta dibertsifikatzeko helburuarekin.
Zikloari igande honetan emango diote hasiera Jakintza ehunduz izeneko tailerrarekin. Erabilitako ehunak birziklatu eta erabilera berri bat nola eman erakutsiko dute Kotoi marka jasangarriko sortzaileek Igartubeiti baserrian. Tailer hau, urritik maiatzera bitartean Igartubeitin ikusgai dagoen Ekomoda aldi baterako erakusketaren osagarri da. Bertan, moda, materialen birziklapena eta XVI. mendeko bizitzeko moduak biltzen dira.
Igartubeiti museoko Kizkitza Ugarteburuk aurreratu duenez, erakusketan ikusgai dagoen Bixak izeneko zorro bat egingo dute tailerrean. «XX. mendearen hasieran erabiltzen zen sagarrak biltzeko, eta ustez, zuberotar jatorrikoa da», aipatu du. Tailerrean izena emateko azken eguna, asteazkena izango da. Izena web gunearen bitartez edo 943 72 29 78 telefonora deituta eman daiteke. Tailerra doakoa da eta 10:00etan hasiko da. Beharrezkoa da josten eta josteko makina erabiltzen jakitea.
Zeramikazko eskultura
Otsailerako beste bi tailer ere antolatu dituzte ziklo beraren gerizpean. Hurrena Zeramikaren bitxikeriak izenekoa izango da eta bi egunetan eskainiko da: otsailaren 8an eta 22an, 17:00etan hasita. 8 eta 14 urte arteko haur eta gazteei zuzenduta dago eta Ezkioko Gaztegunean egingo da. Itsasoko Pott Keramikako Jone Urain eta Maite Salutregik eta Isla Pitxiak-eko Haizpea Lasak gidatuko dute tailerra.
Lehendabiziko saioan zeramikazko eskultura bat egingo dute bertaratzen direnek. Bigarrenean, lanean emaitza jasoko dute eta Isla Pitxiak osagarrien proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da.
Artea dantza bihurtuta
Land (artea) familian izena du hirugarren tailerrak. Dantza eta arteaz baliatuz, naturarekin konektatu eta landa eremua modu ezberdin batean ikusteko eta sentitzeko aukera eskainiko du tailerrak. Otsailaren 11n izango da, 16:30ean Igartubeitiko Interpretazio Zentroan, Oihane Vicente eta Oier Fernandezdek eskainita.