Urola ibaiaren ondora botatako obra hondakinak ez dituztela jaso salatu du Eguzkik
Iazko ekainaren hasieran salatu zuen isurketa Legazpiko Udalean eta Urak agentzian. Zazpi hilabetera hondakinek han jarraitzen dutela eta inguruan zabor gehiago bota dutela ikusi dute ekologistek.
Eguzki erakunde ekologistak salatu duenez, Legazpiko Elbarrenako industrialdearen parean iazko ekainean Urola ibaiaren ertzera bota zituzten obra hondakinak ez dituzte jaso oraindik, eta inguruan zabor gehiago isuri dute gainera.
Eguzkik gogoratu duenez, ekainaren 9an jakinarazi zien Legazpiko Udalari eta Uraren Euskal Agentziari «ehunka kilo hondakin legez kanpo isuri zirela» gune horretan. Zazpi hilabetera itzuli direnean, hondakinek han jarraitzen dutela ikusi dute. Hondakinak jasotzeko eskumena udalarena dela ere gogoratu du erakunde ekologistak.
Gune horretatik gertu hondakin gehiago bota dituztela ere ikusi dute Eguzkikoek. «Plastikozko baldeak eta hodiak, obra-hodiak, teilape zatiak, nekazaritzarako erabiltzen diren plastiko beltzak eta zuriak, potoak eta etxeko plastikoak, eta komunontzi bat» antzeman dituzte, errekaren ertzean, ezponda batean. Urola kaleko industrialdean ere Urolara zaborra botatzen dutela salatu dute, batez ere edari ontziak, inguruko lantegietako langileek, hain zuzen. Horren berri ere eman zioten Udaltzaingoari, lehen aldiz 2022ko maiatzaren 27an, eta ekainaren 9an baita udalari eta Urari ere, “egunero eta etengabe kontrolak egiteko eskatuz”. Baina “zaborrak zigorrik gabe botatzen dira oraindik”.
Talde ekologistak dioenez, “ibai batek prebentziozko neurriak hartzea eskatzen du, isurketak desagertuz joan daitezen”. Baina lehen azaldutako guztiaren aurrean, “ordua da bakoitzak bere lana egiteko eta egoera hori konpontzeko”, eta horretarako, “legeak hor daude betetzeko eta betearazteko, eta dagozkien isunak ere bai”.