Zerainek milioi bat eurotik gorako aurrekontua izango du 2023an
Urtarrilaren 18an egindako osoko bilkuran 2023ko udal aurrekontuak onartu dituzte Zerainen. Urtarrilaren 22an zeraindarrekin batera egindako Herri Batzarren —20 bat lagun elkartu ziren—, horren eta beste hainbat gairen inguruko berri eman zuen Amaia Junkera Zeraingo alkateak.
Zeraingo Udalak 1. 173.935,60 euroko aurrekontua izango du 2023an. Orain zortzi urtetik hona, udal gobernuaren erronka nagusiena «udaleko gastu finkoen eta diru-sarrera finkoen oreka mantentzea» izan dela azpimarratu du alkateak.
Eskola berria 2025erako
2023rako aurreikusita dituzten proiektuen artean, Errementari eta Serorategi etxeen berrikuntza lanak daude garrantzitsuenen artean. «2022an egin zen lehendabiziko fasea eta bigarrenari ekin diogu aurten. 340.000 euroko aurrekontua dute lanek». Aterpetxean igogailu bat jartzea ere aurreikusita dago (50.000 euro), baita Lasurtegiko hezegunea berreskuratzeko beste partida bat ere (35.000 euro). Kultur ondarea zaintzen jarraitze aldera, Larraondoko zerrategia eta Aizpita adierazpen zentroa berritzeko lanekin ere jarraituko dute (55.000 euro).
Aurrekontuetan sartuta ez dagoen arren, herriarentzat garrantzitsua izango den beste proiektu bat ere azpimarratu du Junkerak, Eskola Txiki berriarena. «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baieztatu digu eskola berria egingo dugula». Exekuzio proiektuaren esleipen fasea martxan dago jada, «2023a izapide administratiboak egiteko izango da. 2024an ekingo diote lanei eta 2025erako eskola txikia martxan izango dugu».
Herri bizitza, Zerbitzuak, azpiegiturak, ingurumena eta hirigintza eta Tokiko garapena batzordeetako errepasoa ere egin zen, «herritarrek dirua zertan gastatu den jakin dezaten».
Zerain Dezagun Fundazioa
Aterpetxea eta baliabide turistikoak kudeatzen dituen Zerain Dezagun Fundazioak 150.848 euroko aurrekontua izango duela ere aipatu zen. Partzoneriako aurrekontuaren berri emateko asmoa bazuten ere, oraindik onartzeke dagoela azaldu zuten.