Azken egunetan egindako pintaketak gaitzetsi ditu Legazpiko Udalak
Garbiketaren kostua 2.027 eurokoa izan dela jakinarazi du, eta adierazpen askerako guneak badaudela gogoratu du.
Biharko Bilbon eta Iruñean GKS mugimenduak antolatu dituen manifestazioetara joateko deia eginez herriko hainbat gunetan egin dituzten pintaketak gaitzetsi ditu Legazpiko Udalak. Pintaketak eraikin publikoetan zein pribatuetan egin dituzte, paretak kaltetuz, bereziki harrizkoak.
Pintaketak ezabatzeko egindako garbiketa lanen kostua ere jakinarazi du udalak, 2.027,38 eurokoa, hain zuzen, eta “legazpiar guztiok ordaindu beharko dugu alferrikako gastu hori”.
Aldi berean, herriko hainbat puntutan adierazpen librerako guneak daudela gogoratu du, eta pintaketak egin dituztenei eskatu die “beren aldarrikapenak egin ditzatela ondare publikoari eta pribatuari kalterik egin gabe, adierazpen askatasunaren ideia oker bati erantzuten dioten iraganeko jokabideak alde batera utzita”.