Barne Begiradak proiektua diruz lagunduko du Next Generation funtsak
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak sustatzen duen Barne Begiradak egitasmoak Europako Next Generation funtsen baitako diru laguntza jasoko du, Gipuzkoako beste bi proiekturekin batera. Emakumea eta Euskal Musika programa eta Deba-Arte Debagoieneko Antzerki Plataforma elkartea dira diru laguntza jasoko duten beste bi egitasmoak. Atzo eman zuten jakitera ofizialki albistea, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako agerraldian.
Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak eman dute diru laguntzen berri. Guztira, 108.474,52 euro jasoko dituzte aldundiak hautatutako hiru proiektuok, «landa eremuetan kultur eskaintza handitzeko» helburuarekin. Otsailean kopuru bereko beste deialdi bat ere onartuko dela aurreratu zuen Telleriak.
Barne Begiradak. Sorkuntza garaikidea landatasunetik izeneko kultur proiektua Gabiria, Zerain eta Ezkio-Itsason garatzen ari da. Igartubeiti baserri museoak sustatutako egitasmo honek landa ingurunean bizitzeak suposatzen duenaren inguruan hausnarketa espazio berriak sortzea proposatzen du.
Musika herri txikietan
Horretarako lau lan ildo proposatu dituzte: Ars Natura egoitza artistikoa. Zerainen gauzatuko da otsailaren 13tik martxoaren 19ra. Bir(topaketa). Artea, lurraldea eta landatasunak esperientziak eta hausnarketak elkartrukatzeko foroa, martxoan egingo da Igartubeitin. Tailer esperimentalen zikloa —lehendabizikoa pasa den igandean izan zen— eta amaitzeko, proiektuaren prozesu guztiak bilduko dituen argitalpen bat.
Hautatu duten beste proiektuetako bat, Emakumea eta Euskal Musika izenekoa, Jokin Okiñenak zuzentzen du eta kontzertuak eskainiko dituzte Gipuzkoako hainbat udalerri txikitan. Zerainen izango da bat, otsailaren 19an, Andre Mari Jasokundearen elizan. Kontzertu hauetarako doako garraio publikoa izango da Donostiatik ikusle kopurua handitzeko.