Idiazabalen zapatuan hasiko da Goierriko Bola Txapelketa
Zazpi jardunaldik osatuko dute eskualdeko liga. Zerainen bukatuko da, maiatzean, finala han jokatuta. Idiazabalen, jaietako bolatea Xepeiño Agirrek irabazi du.

Goierriko bola txapelketaren 2023ko ekitaldia larunbat honetan hasiko da. Aurreko urteetan bezala, zazpi jardunaldik osatuko dute liga, eta bakoitzean lortutako puntuak batuko dituzte sailkapen nagusirako.
Hamabost egunean behin eta larunbatetan jokatuko dira tiraldiak, Goierriko bolatokietan. Ez da federazioaren egutegi ofizialeko lehiaketa, baina edonork parte har dezake. Goizez eta arratsaldez bota daiteke, izena emateko ordutegia 10:30etik 11:30era eta 16:30etik 17:30era baita.
Bukaera Zerainen izango du aurten Goierriko Bola Txapelketak, maiatzaren 20an. Errotazio-txanda sistemaren arabera aldatzen dute urtero lekua. Azken jardunaldiak final izaera izango du. Bolari parte-hartzaileen arteko afaria ere antolatuko dute.
Tiraldiak
Goierriko txapelketa 2023
- Otsailak 11. Idiazabal
- Otsailak 25. Mutiloa
- Martxoak 11. Legazpi
- Martxoak 25. Segura
- Apirilak 22. Olaberria
- Maiatzak 6. Gabiria
- Maiatzak 20. Zerain (finala)
Idiazabalen lehengo igandean, festetakoa
Idiazabalgo San Blas jaietako bola lehiaketa jokatu zen lehengo igandean, Igarondoko bolatokian. 30 bolarik bota zuten. Berdintasuna izan zen aurreneko sailkatuen arteko bereizgarri. Tiraldia sei bolatara izan zen, eta 36 birlako jokoa seik lortu zuten.
Kitarako luzea jokatu ondoren, irabazle Xepeiño Agirre segurarra suertatu zen. Hurrena, Egoitz Berasategi, Xabier Lazkano donostiarra, Benito Loitegi, Ramon Iglesias eta Saigots Iglesias gaztea sailkatu ziren. Zazpigarren, Miguel Arrospide.

Patxi Arrondo bolari zeraindarra, lehengo igandean, Idiazabalen./Ramon Iglesias