LABeko ordezkariek errepidea moztu dute Legazpin metalgintzaren alorreko hitzarmen duina eskatzeko
Biharko hitzartuta duten bilerara "sektoreko beharrei erantzungo dien proposamen bat ekartzeko" eskatu diote Adegi patronalari.
LAB sindikatuko ordezkariek errepide mozketa egin dute gaur goizean Legazpin, Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina eskatzeko abiatu duten borrokaren barruan. “Gipuzkoako metalgintzaren sektoreko hitzarmena eguneratzeko eta langileen beharrizanetara egokitzeko ordua dela” adierazi nahi izan dute ekintza horrekin.
Urtarrilean hasi ziren hitzarmena negoziatzen, eta azken bileran sindikatuek sektorearen aldarrikapenak eta beharrak jasotzen dituzten plataformak aurkeztu zituzten bitartean, Adegi patronala “esku hutsik” joan zela adierazi dute LAB-eko ordezkariek. Legazpin egindako bide mozketaren bidez, “egoera salatu eta patronalari KPIa bermatuko duen hitzarmen duina” exijitu nahi izan diote.
Sektoreko datuak aztertu ondoren, sindikatuak “argi” ikusi du enpresek irabaziak izan dituztela, “eta ez hori bakarrik, dibidenduak ere banatu dituztela” ere bai. Irabazi horiek langileek sortu dituztela diote, eta horregatik “ezinbestekoa da aberastasun hori langileekin banatzea”. Gainera, “bizitzaren garestitze izugarriaren aurrean derrigorrez bermatu behar da denon eros ahalmena”, LAB-en esanetan.
Hala ere, sindikatuak uste du “KPIa bermatzea bakarrik ez dela nahikoa”, eta lanaldi murrizketa, IT osagarriak, baimenen eguneratzea, malgutasuna, berdintasuna eta prebentzio eta lan osasuna arloetan ere “aurrera pausoak” egin behar direla azaldu du.
Hurrengo negoziaketa bilera bihar ostirala izango da, eta Adegiri “sektoreko beharrei erantzungo dien proposamen bat ekartzeko” eskatzen dio LAB-ek.