Olaria sarirako hautagaiak aurkezteko epea ireki dute
Urtean zehar edo bere ibilbidean zehar Legazpiren garapenaren alde gehien nabarmendu den ekimen edo jarduera sozialari edo legazpiar bati urtero ematen zaion saria da. Herritarrek egiten dituzte proposamenak, eta azken erabakia udalbatzak hartzen du.
Legazpiko Udalak 2023ko Olaria sarirako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du, pandemiaren ondorioz bi urtez geldirik egon eta gero. Legazpiarrek otsailaren 27ra arteko tartea izango dute proposamenak egiteko.
Olaria izeneko bereizgarria urtean zehar edo bere ibilbidean zehar Legazpiren garapenaren alde gehien nabarmendu den ekimen edo jarduera sozialari edo legazpiar bati urtero ematen zaion saria da. Santikutz jaien barruan ematen da, maiatzaren 3ko ezpata-dantzaren ekitaldi nagusian.
Legazpiar guztiek proposa ditzakete hautagaiak, baina proposamen bakoitzaren arrazoiak azalduz. Proposamenak egiteko hiru bide erabil daitezke: udalaren webguneko formularioa beteta, LegazpiON aplikazioaren bidez edo udaletxeko arreta zerbitzuan.
Epaimahaia eta erabakia
Alkateak, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak, azken edizioko irabazleek eta udalerriko elkarteetako beste hiru ordezkarik osatuko duten epaimahaiak proposatuko du hautagaien artean zeinek jasoko duen Olaria.
Proposamen hori martxoaren 22ko udaleko bozeramaileen batzordean aztertuko dute, eta martxoaren 29ko Osoko Bilkurara eramango dute onartzeko.
Azkenak, 2020koak
Azken Olaria sariak Alaitasuna errondailak eta jaiotza egiten zuen batzordeak jaso zituzten, iazko Santikutzetan. Bi taldeek bi urteko atzerapenarekin jaso zuten Olariaren estatua txikia, 2020rako zeudelako izendatuta.