Legazpik gainordaina ezarri die hutsik dauden etxebizitzei
Jabeen ohiko bizilekuak ez diren etxebizitzek %50eko errekargua izango dute. Behin-behineko erroldan egoera horretan dauden 330 etxebizitza daude. Alegazioak aurkeztu daitezke, hilaren 28ra arte.
Legazpiko Udalak %50eko gainordaina ezarriko die aurtengo Ondasun Higiezinen Zergan edo Kontribuzioan, jabeen ohiko bizileku ez diren etxebizitzei. Etxebizitza horien titularren behin-behineko zerrenda argitaratu berri du udalak, eta udaletxean kontsultatu daiteke. Alegazioak aurkezteko epea hilaren 28an amaituko da, eta horiek Herritarrentzako Arreta Zerbitzura bideratu beharko dira.
Udalak osatu duen behin-behineko zerrendaren arabera, 330 dira jabeen ohiko bizileku ez diren etxebizitza horiek Legazpin. Kopuru hori jaitsi egin da 2021eko datuekin alderatuta, orduan 362 zirelako alegazioak aurkeztu aurretik egindako behin-behineko zerrendan.
Salbuespenak
Ondasun Higiezinen Zerga arautzen duen ordenantza fiskalean, gainkarga horretatik salbuetsita geratzen diren etxebizitzak zerrendatzen dira. Salbuespen horiei begiratuta aurkeztu ahal izango dituzte alegazioak jabeek.
Hala, Kontribuzioa bezala ere ezagutzen den zerga horretan ez dute %50 gehiago ordaindu beharko, besteak beste, udalaren jabegoko etxebizitzek edo zerga horretan hobariren bat duten etxebizitzek. Etxebizitzak ostatu, pentsio edo alokairu jarduerarekin lotuta badaude ere salbuetsita egongo dira errekarguaz, baita jarduera profesionaletarako edo komertzialetarako modu jarraituan erabiltzen badira ere. Jabea adinduen egoitza batean badago, edo mendetasun egoeran egonik, beste etxe batera joan behar izan denean ere, hutsik geratu diren etxebizitzengatik ez da gehiago ordaindu beharko. Azkenik, herentziaz jasotako etxebizitzak, antolamenduz kanpo daudenak eta hirigunetik kanpo nekazaritza edo abeltzaintza jarduera dutenak ere gainkarga horretatik salbuetsita geratzen dira.