Dozenaka atleta gaztetxo elkartu dira Legazpin Gipuzkoako eskolarteko kros txapelketan
Bosgarrenez jokatu da txapelketa Urtatza-Zaharreko zirkuituetan. Hilaren 26an Euskadikoa izango da jokoan bertan.
Lurralde osoko dozenaka atleta gaztetxo lehiatu ziren atzo goizean Legazpiko Urtatza-zahar parkean jokatu zen Gipuzkoako eskolarteko kros txapelketan. Goierri Garaia atletismo taldeak Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin batera eta udalaren laguntzarekin antolatuta, bosgarrenez egin da txapelketa hori Legazpin, haur eta kimu mailako korrikalariei zuzenduta.
Bost lasterketa izan ziren guztira. Neskek eta mutilek banatuta egin zuten korrika kategoria bakoitzean. Lau lasterketa ofizialak amaitutakoan, benjamin mailako beste proba bat ere egin zuten, lehiatik kanpoko, neskak eta mutilak elkartuta.
Antolatzaileen balorazioa “oso positiboa” izan da, jende ugari gerturatu zelako eta eguraldiak lagundu zuelako. Zirkuitua “oso ondo” zegoen, baina hainbat tokitan aldapatsua zenez, lasterkariei “pisutsua” egin zitzaien, nahiz eta distantzia motzak ziren. Haur mailakoek 2.550 metroko zirkuitua zuten, eta kimu mailakoek 1.750 metrokoa.
Lasterketa bakoitzeko lehen sei sailkatuek hurrengo astean, hilak 26, toki berean jokatuko den Euskadiko txapelketarako pasea eskuratu zuten. Txapelketa horretara joateko taldeak aukeratzeko baliagarria ere bazen atzoko krosa, baina eskola bakoitzak lau kide aurkeztu behar zituen taldea osatzeko, eta batek ere ez zuen kopuru hori bete. Ondorioz, ez da Gipuzkoako talderik izango Euskadiko txapelketan.
SAILKAPENAK:
– Haur maila, neskak
1. Intza Arrondo (Jakintza)
2. Natale Ena (Jakintza)
3. Nora Gomez (Jakintza)
4. Paula Crespo (Hendaia)
5. Ane Bosch (Xabier Munibe)
6. Aitana Aierbe (Berazubi estadioa)– Haur maila, mutilak
1. Urko Ibarguren (Txingudi)
2. Eñaut Arostegi (Laskorain)
3. Mikel Garmendia (Loinazpe)
4. Julen Olaziregi (Lizeo Pasaia)
5. Unai Zaldua (Lizeo Pasaia)
6. Markel Rodriguez (Arimazubi)– Kimu maila, neskak
1. Aiora Sarasola (San Benito)
2. Iera Uria (Laskorain)
3. Ekia Amilibia (Zumaia herri eskola)
4. Paule Amilibia (Zumaia herri eskola)
5. Amaia Azkoitia (Xabier Munibe)
6. Nira Martin (Elatzeta)– Kimu maila, mutilak
1. Beñat Iraola (Laskorain)
2. Haitz Lasa (Ugaro Herri Eskola)
3. Julen Lekuona (San Benito)
4. Xuhar Hernandez (Langile)
5. Ibai Lopez (Aita Iparragirre)
6. Eki Gil (Txingudi ikastola)