Legazpi hasi da inauterietarako girotzen
Ilinti merkatari elkarteak dendak apaindu ditu eta argazki lehiaketa bat jarri du martxan. Ostegunetik igandera arteko jai egitaraua izango da.
Ostegunean hasi eta igandera arte, inauteri aste luzea dute aurretik legazpiarrek, eta jaiak girotzen hasteko, Ilinti merkatari elkarteak kolorez bete ditu herriko dendak, lehiaketa baten berri ematearekin batera.
Oraingoan, elkarteko kide diren dendetan dauden maskarak jantzi eta argazkia ateratzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. Argazkia ateratakoan, sare sozialetara igo beharko dute #mozorrotuilinti traola jarrita. Argazki guztien artean 100 euroko bi erosketa txartel zozkatuko ditu. Gaur hasi eta ostiralera arteko epea izango da parte hartzeko.
Gainera, ostiralean, hilak 17, Lintxo elkarteko maskota kalez kale ibiliko da arratsaldean, eta berarekin argazkia atera eta #mozorrotuilinti traola bera jarrita sare sozialetara igotzen dutenen artean 100 euroko beste hiru erosketa txartel zozkatuko ditu.
Egitarau oparoa
Legazpiko inauteria ez da merkatarien ekimen honetara mugatuko, eta ostegunetik igandera bitarteko egitarau zabala izango da:
Otsailak 16, osteguna:
17:15. Doinua Musika Eskolako ikasleen Ostegun gizeneko Inauteri kalejira.Otsailak 17, ostirala. Ostiral inaute. Lintxen etorrera.
16:15. Ikastetxeen mozorro desfilea Kale Nagusian.
17:00. Lintxen etorrera, plazan, Doinua Musika eskolako fanfarrearekin.
18:30. Alaitasuna errondailaren mariatxi kalejira.Otsailak 18, larunbata. Zapatuko inauteria, Gazte Asanbladak antolatuta. Gaia: Mafiak.
14:30. Bazkaria, Gaztetxean.
18:30. Karropoteoa eta desfilea.
23:00. Erromeria Gaztetxean, Emaion taldearekin.Otsailak 19, igandea: Luzaideko inauteriaren konpartsa, Sustraiak dantza taldeak antolatuta.
11:00. Laubiden konpartsaren azken entsegua.
12:00. Konpartsaren irteera. Laubide, San Inazio, Juanastegi, Bikuña Enea, Plazaola.
14:00. Bazkaria Aitxuri jatetxean.
17:30. Desfilea: Gernika Plaza, Kale Zaharra, Kale Nagusia, Euskal Herria plaza.
19:00. Lintxen agurra, panpina erretzea eta inauterien amaiera, Euskal Herria plazan.