Legazpiko Udalak bat egin du Haurren Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin
Urre kolorez argiztatuko da udaletxea astean zehar, Aspanogi elkarteak egindako eskaerari erantzunez.
Legazpiko udaletxea urre koloreko argiekin argiztatuko da gaurtik ostiralera bitartean, hilaren 15ean ospatzen den Haurren Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Halaber, haurren minbiziaren sinboloa den urre koloreko lazo bat jarriko du eraikineko balkoi nagusian.
Aspanogi Gipuzkoako Haur Onkologikoen Gurasoen elkarteak egin duen lankidetza eskaerari erantzun dio horrela udalak. Aspanogik arreta psikosoziala eskaintzen du ospitaletan eta ospitalez kanpo, “haurren minbizia denon arreta eta elkartasuna eskatzen duen gaixotasuna delako”.