Aiora Zabala ingurumen adituak ‘Natura gure esku’ liburua Biziolan aurkeztuko du
Otsailaren 21ean, asteartearekin, Lazkaoko fabrikan izango da. Hilaren azken egunerako, berriz, tokiko hedabideen inguruko jardunaldi bat antolatu dute.
Otsailaren bigarren erdirako ekitaldien agenda argitaratu du Biziola kooperatibak. Aiora Zabala Aizpuru irundarrak Natura gure esku liburua aurkeztuko du, batetik. Otsailaren 21ean, asteartea, 18:00etan da ekitaldia, Biziolaren Lazkaoko egoitzan.
Cambridgeko Unibertsitatean eta Unibertsitate Irekian Ingurumen Politikako irakaslea da Zabala. Alberdaniarekin iazko urrian argitaratu zuen Natura gure esku liburua.
Aurkezpena antolatu duen Landarlan ingurumen taldeak aurreratu duenez, naturarekiko ikuspegi orokorra eta aberatsa dauka Zabalak. «Curriculum aparteko idazlea da, eta urteak daramatza Ingalaterran unibertsitateko irakasle lanean. Naturarekiko daukan ikuspuntua guk hemen daukaguna baino globalagoa dela esan genezake».
Larrialdi klimatikoaren garaiotan, gizakiak bere egunerokoan egiten dituen ekintzen bueltan hausnarketa saio bat planteatuko du Zabalak.
Tokiko hedabideak 28an
Hurrengo astean, otsailaren 28an tokiko hedabideen egoerari erreparatzeko jardunaldi bat egingo dute Biziolan. Tokiko komunikabideak ikuspegi kooperatibotik gaitzat hartuta, Goiena, Aiaraldea eta Urola Komunikazio Taldearen esperientziak ekarriko dituzte, lehenbizi.
Ondoren, Goierriko hiru hedabideren errealitateak ezagutzeko aukera izango da, ordezkari banaren ahotik. Goierriko Hitza egunkari honek parte hartuko du, Segura Irratiarekin eta Goierri Telebistarekin batera.
Jardunaldia otsailaren 28an, asteartea, 17:30ean hasiko da, eta 20:00ak arte ariko dira. Edozein herritarrentzat irekia da, eta joateko gonbidapena egin dute.