Pilota, aizkora eta bertso ikuskizuna antolatu du Almitzak Zaldibian, martxoaren 4rako
Bi pilotari bikotek, bi aizkolari bikotek eta bi bertsolarik parte hartuko dute.

Almitza sega elkarteak Neguko Jaialdia antolatu du. Martxoaren 4an, larunbatarekin, Zaldibiako Resti pilotalekuan izango da, 18:00etan hasita. Sarrera 5 euro kobratuko dute. Bertso-pilota desafioa eta aizkolaritza uztartuko dituzte, bikotekako modalitatean biak ere.
Pilotan, binaka, Mikel Goñik eta Aitor Elizegik osatuko dute bikote bat eta Beñat Azketak eta Arkaitz Gabirondok bigarrena. Partida jokatzen duten bitartean, bi bertsolari izango dituzte botilero modura laguntzaile: Iker Zubeldia eta Aratz Igartzabal.
Ondoren, aizkoran erakustaldia izango da. Bi bikote misto lehiatuko dira. Batetik, Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra eta Maika Ariztegi, eta bestea Julen Gabirondo eta Uxue Antsorregi.

Almitza sega elkarteak 2011ko urtarrilean pilota eta trontza desafioa antolatu zuen. Pilota partida bat biren aurka izan zen: Mikel Goñi oronoztarra gorriz, eta Xabier Irastortza eta Harri Zumalde zaldibiarrak berdez bikotean. Julio Soto eta Sustrai Colina bertsolariak botilero lanetan./Igor Arrese