Ekintzaz betetako musika hamabostaldia antolatu du Tobera musika eskolak
Aizkorpe bailarako herriak biltzen dituen Tobera dantza eta musika eskolak Musikaren Hamabostaldia antolatu du beste urte batez. Martxoaren 6an, datorren astelehenean hasi eta martxoaren 26ra arte luzatuko da prestatu duten egitaraua. Musika eta dantza ardatz hartuta makina bat ekintza antolatu dituzte Seguran eta Zegaman.
Datorren astelehenean Segurako elizako organoa «ikusteko, ezagutzeko, entzuteko eta jotzeko» saio didaktikoak irekiko du aurtengo egitaraua. 18:00etan izango da Ainhoa Enatarriaga irakaslearen eskutik.
Askotariko ekintzak
Zegamako gitarrako ikasleen entzunaldia antolatu dute astearterako, martxoak 7, 18:30ean Zegamako plazan. Bi ekintza daude aurreikusita Emakumeen Nazioarteko Egunerako: batetik, ipuin musikatua harparekin Maddi Sanzen eskutik, 17:15ean Segurako kultur etxean; eta Zegamako trikiti, pandero, perkusio eta txalapartako ikasleen emanaldia, bestetik, 18:30ean Zegamako plazan.
Martxoaren 9an, osteguna Zegamako zeharkako txirulako eta txistu eta danbolin ikasleen txanda izango da. Emankizuna 17:30ean dago programatuta, Zegamako plazan. Egun berean eskainiko dute euren ikuskizuna Segurako trikiti, pandero eta perkusioko ikasleek. 18:30ean hasita, Segurako plazan.
Asteburuko etenaren ondotik, martxoaren 13an ekingo diote hamabostaldiko bigarren asteari. Segurako gitarra ikasleen kontzertua izango da 18:30ean Segurako plazan. Asteartean, hilak 14, Zegamako txistu, danbolin, piano eta zeharkako txirulako ikasleek egingo dute emanaldia. 17:30ean Segurako plazan. Egun berean, Iñaki Aldasorok gitarrak nola egiten dituen irakatsiko du Zegamako kultur etxean, 18:30etik aurrera.
Dantzari Txiki amaitzeko
Martxoaren 16an, Segurako San Joan adinekoen egoitzan euskal kantuen abestaldia izango da 17:30ean. Hamabostaldia ixteko, martxoaren 26an Zegamako Dantzari Txiki eguna egingo dute Toberako zein kanpotik etorritako dantza taldeek.