"Zainketak eskubide unibertsal gisa" aldarrikatu ditu Kimetzek
Asteazkeneroko azoka izan da plaza nagusian. Horren harira, "ortuen onena eskaintzen duten emakume baserritarren lana aintzatetsi eta balioetsi" dute eta aurretik lan egin duten emakume guztiak izan dituzte gogoan.
Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak elkarretaratzea egin du gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunez, eguerdian, Plaza Nagusian. Zaintza erdigunean jartzera deitu dute, eta “zainketa eskubide unibertsal gisa” aldarrikatu dute, horrekin “pertsona guztiak aldi berean zaintzeko eskubidearen subjektu direla” adieraziz.
“Erabakitzeko eskubidea, zaindu ala ez zaindu, nork zaindu, eta baldintza duinetan zaindu ahal izateko. Bizi-zikloaren inguruabar eta une desberdinetan zaintza egokiak jasotzeko eskubidea, eta zaindu nahi dudan modua erabakitzeko eskubidea. Bidezko lan-baldintzak izateko eskubidea, zainketak dirutan egiten direnean”, salatu dute.
Lortutako aurrerapausoak aintzat hartuta, giza eskubideak aldarrikatu dituzte. “Emakumeen aurrerapena eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea giza eskubideen gaia eta justizi sozialerako baldintza dira, eta ez dira modu isolatuan emakumeen araz gisa aztertu behar. Helburu horiek lortu ondoren bakarrik ezarri ahal izango da gizarte bideragarri, justu eta garatua”. Giza eskubideen inguruan gehitu dute inoiz ez direla “erositzat” jo behar, eta “erne” egon behar dela. Simone de Beauvoir-en esaldi bat ekarri dute gogora: ‘Ez ahaztu inoiz krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat nahikoa izango dela emakumeen eskubideak berriro zalantzan jartzeko’.
Amaieran, hainbat emakumeri aipamen egin diete. Plaza Nagusian asteazkeneroko azoka izan da. Horren harira, “ortuen onena eskaintzen duten emakume baserritarren lana aintzatetsi eta balioetsi” dute. Aurretik izan diren emakume guztiei aipamen berezia egin diete, “haien zaintza lanei esker, eta, bide batez, ez aitortua ez ordainduta, posible izan baita gaur hemen egotea”.
“Emakumeen borroka bizirik dago. Aldarriz ditugun gure eskubideak. Feminismoak pertsonen bizitza modu eraginkorrean eraldatzeko gai den iraultza soziala bakarra bultzatu zuen. Gora borroka feminista”, amaitu dute irakurketa.