Euskadiko txapelketak, hilabeteetako lanaren ondoren irabazitako saria
Larunbatean haur eta kadete mailako txapelketak jokatu dira Urbeltz pilotalekuan. Judo Legazpiko klubeko hainbat kide izango dira lehian.
Haur eta kadete mailetako Euskadiko judo txapelketak jokatuko dira larunbatean zehar Urbeltz pilotalekuan, eta bertan izango dira Judo Legazpi klubeko hainbat kide. Partaideentzat, azken hilabeteetako lanaren ondoren irabazitako saria da txapelketan parte hartu ahal izatea.
Haur mailakoen jardunaldia goizean izango da, eta 09:30ean hasiko dira, pisatze eta kontrolekin. Konbateak 10:30ean hasiko dira, eta 12:45ean dominak banatuko dira. Goizeko saio hau eskolartekoa da, eta Eusko Jaurlaritzak antolatu du. Arratsaldez, Euskadiko Judo Federazioak antolatutako kadeteen mailako txapelketa jokatuko da.
Sarrera doakoa izango da bi txapelketetan, eta aukera paregabea izango da judoa gertuagotik ezagutzeko eta herrikideak animatzeko.
Gipuzkoatik sailkatuta
Legazpiko klubak zazpi ordezkari izango ditu haur mailan, eta Gipuzkoako txapelketan sailkapena lortu ondoren iritsi dira. 13-14 urte dituzte, eta guztiek dute gerriko urdina.
Aratz Maseda da bat. Judo asko gustatzen zaiola dio, eta 5 urterekin hasi zela gogoratu du, «asko erortzen nintzen, eta erortzen ikasteko apuntatu nintzen». Gipuzkoako txapelketan hirugarren egin du.
Urko Osinalde ere 5 urterekin hasi zen judoa praktikatzen, «lagun baten anaia ikusita». Brontzea izan da hau ere Gipuzkoan.
Iñigo Arakama, berriz, lagunei jarraituz hasi zen judoan, eta «gustatu, eta hemen segitzen dut». Gipuzkoan txapeldun geratu da, «ea orain Euskadikoan zer gertatzen den».
Aiur Berasategi ere lagunekin batera hasi zen judo ikastaroan, baina berehala sentitu zen «gustura». Sailkapen fasean lesio bat izan zuen, baina Gipuzkoan hirugarrena egin du.
Alfredo Suarez aitak animatuta hasi zen judora joaten, «5 urte nituen, eta oraindik jarraitzen dut, asko gustatzen zaidalako». Gipuzkoan bigarrena izan da.
Igor Fernandezek ere parte hartuko du Gipuzkoan zilarra irabazi eta gero, eta Urko Betolazak ere bai, brontzezkoarekin.
Oñatz Lazkanoiturburuk, aldiz, ez. «Gauza berriak probatzea» gustatzen zaiolako hasi zen txikitan, eta jarraitu egin du. Gipuzkoan hirugarren egin du, baina ordutik pisua irabazi eta kategoriaz aldatu denez, ezin izango du larunbateko txapelketan parte hartu.
Ibai Saralegiri ere antzekoa gertatu zaio, sailkapen jardunaldi batetik bestera pisuagatik kategoriaz aldatu dutelako eta ez duelako aukerarik izan beharrezko puntuak lortzeko. Atsekabetuta badago ere, txikitatik ezagutzen duen kirol honekin aurrera egiteko prest dago, «asko» gustatzen zaiolako.
“Harro eta pozik”
Asier Berasategik entrenatzen ditu batzuetan gazte hauek, eta “harro eta pozik” dago, «zaila delako adin honetan horrelako taldea mantentzea, beste kirol batzuk egiten dituzten, nerabezaroan daude…». Berasategik dioenez, judoan hasten diren hamar umeetatik bi bakarrik iristen dira haur mailara.
Hurrengo urtean kadete mailara igaroko dira guztiak, eta orduan judoa «dibertigarriago» bihurtuko dela dio, «orain judoaren %60a bakarrik egin dezakete, baina hurrengo urtean teknika guztiak egin ahal izango dituzte, lurrean ere ibiliko dira, gauza berriak ikasiko dituzte…». Hori dela eta, guztiek jarraitzeko asmoa dute. Badute, gainera, beste pizgarri bat, «aurten Gipuzkoan domina lortu dutenentzat beka moduko bat izango delako klubean kuotak edo txapelketetako izen-emateetarako».
Kadete mailako ordezkariak
Haurren mailako txapelketa honen ondoren, Euskadiko Judo Federazioak antolatutako kadeteen txapelketa jokatuko da Urbeltzen, arratsaldez.
Ruben Calvo, Endika Perez de Arenaza, Ibai Gil, Unax Pereira, Seth Willis eta Markel Vesga izango dira Legazpiko ordezkariak. Lesioengatik ezin izango dute parte hartu Manex Urangak, Xabi Parrak eta Hodei Urrizak.
Bai haur mailan bai kadeteetan Euskadiko txapela lortuz gero, Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela ere eskuratuko dute.