Udaberri pilota sariko lau txapel Goierrira etorri dira
Eskuz binakako txapelketak izan dira, eta Legazpiko, Ataungo eta Beasaingo lau bikotek irabazi dituzte. Beasaingo, Lazkaoko eta Zaldibiako beste hiru biko txapeldunorde izan dira.
Gipuzkoako Udaberri pilota sariko finalak asteburuan jokatu dira, eta eskuz binakako lau txapel Goierrira etorri dira. Legazpiko, Ataungo, Lazkaoko, Zaldibiako eta Beasaingo pilotariek jokatu dituzte final horiek, eta bi Legazpiko Urbeltz pilotalekuan eta Ataungo Auzoetan izan dira.
Legazpira bi txapel iritsi dira, horietako bat Eibarko Astelenatik. Nagusien bigarren mailakoen Gipuzkoako finala 22-20 irabazi zion Gorka Martin-Josu Ibarguren biko legazpiarrak, Eibarko Mikel Azkargorta-Felix Conde bikoari. Bigarren txapela Ion Agirre-Jokin Altuna bikoak lortu zuen Legazpin bertan, mendebaldeko nagusien bigarren mailan, Bergarako Unai Cagigas-Beñat Iñarra bikoari 22-7 irabazita.
Ataunen jokatutako partidan, Oier Izagirrek eta Aetz Lopezek lortu zuten Goierriko hirugarren txapela, ekialdeko lehen mailako kadeteetan, Zazpi Iturriren aurka (Aitor Carrera-Ametz Gorostidi).
Laugarren txapela Donostiako Atano III.ean erabaki zen, eta Beasaingo Murumendik (Beñat Leunda-Aimar Usabiaga) lortu zuen, ekialdeko nagusien bigarren mailako finalean Alde Zaharrari (Iñaki Atxa-Iraitz Huegun) 22-14 irabazita.
Hiru txapeldunorde
Bestetik, txapeldunorde titulua eskuratu dute Beasaingo Murumendik, Lazkaoko Lapkek eta Zaldibiako Gaztelupek:
– Mendebaldeko kadeteen bigarren mailan:
AZKOITIA (Ioritz Azkoitia-Eñaut Aldazabal) 22
MURUMENDI (Julen Ariztimuño-Oier Landa) 14– Gipuzkoako jubenilen bigarren mailan:
ILUNPE (Jokin Bidezabal-Aner Lizaso) 22
LAPKE (Ortzi Harreguy-Enaitz Oliden) 15– Ekialdeko jubenilen bigarren mailan:
GAZTELUPE (Jokin Mendizabal-Josu Mendizabal) 10
ALOÑA MENDI (Iñaki Barrena-Manex Madinagoitia) 22