Alberto Velascoren erakusketa berria dago ikusgai Kultur Etxean
Birziklatutako materialez egindako artelanak dira, 12 eskultura eta sei koadro. Hilaren 28ra arte ikus daiteke.
Alberto Velasco legazpiarrak erakusketa berri bat du ikusgai egun hauetan Kultur Etxean. Dozena bat eskulturaz eta dozena erdi koadroz osatuta, hilaren 28ra arte ikusi ahal izango da. Legazpiko artista honen azken lanetan bezala, birziklatutako materialak dira artelan guztien oinarrizko elementuak.
Velascok azaldu duenez, «bisualki desberdinak dira lanak, baina birziklatutako elementuz eginda daude guzti-guztiak, nire betiko estiloari jarraituz». Hala, han eta hemen bildutako burdin, egur edo harri zatiez osatuta daude hamabi eskulturak, eta koadroetan ere burdina, egurra edo zuhaitz-enborren azalak erabili ditu. Materiala bera da garrantzitsua lan horietan, hain zuzen, «materialak definitzen du obra».
Urte eta erdi igaro da Velascok egindako azken erakusketatik, Kultur Etxean hura ere, eta oraingoan ikusgai jarri dituen lan gehienak berriak dira. Izan ere, lanetik erretiratu denetik, denbora gehiago du, «ez bakarrik eskulturak edo beste artelan batzuk egiteko, baita lehendik bilduta nuen birziklatutako materiala berrantolatzeko eta material berria biltzeko ere». Artista emankorra izanik, beharko du.