«Entzun nahi duen publikoari esatea erraza da. Txoratzeko zegoen plaza»
Nola joan zaizu saioa?
Ondo. Pertsonalki, puntu-erantzunetan balekoa, zortziko handian puntu bat joan zait, baina uste dut zortziko txikian ondo errekuperatu dudala. Egia esan, ez dakit zer moduz ibili naizen, baina nik behintzat barrutik disfrutatu dut. Plaza txoratzeko zegoen. Egia izango da gozatuz gero gozarazten dela; oso pozik.
Osinaldeko giroa, mahaiaren atzetik, nola ikusi duzu?
Berriz hasiko nintzateke kantatzen, berriro. Lasai aritu naiz. Gainera, afal orduan tenplea hartzen eta plaza irakurtzen aritu naiz. Oso ondo. Hasi naizenean jada nerbio guztiak bota ditut. Publikoak entzun nahi zuen, eta entzun nahi duenari esatea oso erraza da.
Saioa, oro har, nolakoa iruditu zaizu zuri?
Azken aldian tokatu zaigu gazte sariketetan ibiltzea. Maila aldetik, eta talde bezala, ez dut esango altuena Osinalde izan denik, baina maila ona ikusi dut. Kide guztiek utzi dute zerbait berezia, eta oso pozik horregatik ere.
Bertsotan non trebatu zara, Urruña-Ziburu aldean?
Ez. Orain Xilaba prestatzeko ibiliko gara han, baina ordutegiekin ezin koadratu ibiltzen naiz, eta Oreretan elkartzen gara gazte batzuk, Zamalbide aldean.
Zeini eskaintzen diozu saria?
Agurrean esan dudana: euskalkiak-edo asko markatzen gaitu nonbait, eta ‘Urruñakoa zara? Baina Urruñakoa guztiz?’sarri entzuten dut. Muga hori puskatu nahi duten guzientzako da nire azken agurra, saria eta behar den guztia.