Idazlez inguratuta ospatuko dute legazpiarrek liburuaren eguna, aste osora zabaldutako ekitaldiekin
Literatur solasaldiak eta ipuin-kontaketa bat izango dira datozen asteetan. Patxi Zubizarreta, Uxue Apaolaza eta Jon Arretxe idazleak eta Oihana Etxegibel ipuin kontalaria dira aurtengo gonbidatuak.
Apirilaren 2ko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Egunarekin eta apirilaren 23ko Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Legazpiko Udal Liburutegiak hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetarako eta hurrengorako, herritar guztiekin irakurzaletasuna konpartitu nahian. Ohi bezala, aurten ere idazleak izango dira ekitaldi horietako protagonista nagusiak.
Hasteko, atzo goizean Patxi Zubizarretarekin elkartzeko aukera izan zuten herriko Batxilergoko ikasleek Kultur Etxeko areto nagusian. Ordiziako idazleak argitaratu duen Zerria lanaz jardun zuten topaketan.
Txikientzako tartea ere izango da liburuen inguruko ekitaldi hauetan. Hala, bihar, 5 urteko haurrei zuzenduta, ipuin kontaketa saioa egingo du Oihana Etxegibelek liburutegian. Hitzordua 18:00etan izango da.
Etzi, berriz, beste idazle bat izango da protagonista, Uxue Apaolaza. Euskarazko Literatur Klubeko kideekin elkartuko da, Kultur Etxeko areto nagusian, 18:30ean, Bihurguneko nasa lanaz hitz egiteko. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
Hurrengo hitzordua astelehenean izango da, hilaren 24an, eta orduan Jon Arretxe idazlea izango da gonbidatua. Herriko DBH2ko ikasleekin elkartuko da Arretxe, Kultur Etxeko areto nagusian hori ere, eta Trumoiaren alaba lana aztertuko dute
Amaitzeko, gaztelerazko literatur kluba asteazkenean, hilaren 26an, elkartuko da, 18:00etan, Udal Liburutegian, Monica Leivak gidatuta. Manuel Vilasen Ordesa liburua irakurri dute eta horretaz jardungo dute solasean saioan.