Hasi dira Legazpiko festak
Ormazarreta zalditegiko kideen pregoiak eta txupinak eman diete hasiera Santikutzei.
Ormazarreta zalditegiko kideek irakurri duten pregoiarekin eta jaurti duten txupinarekin, hasi dira Legazpiko Santikutz jaiak. Eguraldi epelaz lagunduta, jende ugari elkartu da plazan, udaletxe aurrean, jaien hasierako ekitaldirako. Elutxa txarangak eta Tolosako dultzainero taldeak jarri diote musika ekitaldiari, eta Legazpiko Erraldoi Konpartsako erraldoi handien eta txikien dantza saioa lagundu dute. Buruhandiak ere ibili dira plazan zehar, gero denak batera kalejiran herriko erdigunea alaitzeko.
Musikak jarraipena izango du plazan bertan, 22:30ean Neomak taldeak eskainiko duen kontzertuarekin.
Txosnan ere izango da musika. Gazteek 18:30ean hasi dituzte festak, Kolokoia Gaztetxeko teilatura igo ondoren. Handik kalejiran jaitsi dira txosna gunera Broken Brothers Brass bandak lagunduta, eta gauean, 23:00etan hasita, John Dealer &The Coconuts, Herenegun eta Fresa Marango taldeek joko dute.
Gaurko hasieraren ondoren, sei festa egun izango dituzte aurretik legazpiarrek eta bisitariek, era askotako ekitaldiz beteriko egitarauarekin.