Produktu berriek kolore gorria eman diote Ordiziako feriari
Eguraldia epeltzearekin batera, tomateak iritsi dira plazara Azkoititik, eta hezurdun frutak ere bai Zuhaiztiko postuetara, azken horien artean, gerezia.
Udaberriak kolore asko ditu, baina gaur gorria nagusitu da Ordiziako azokan, bertara iritsitako produktu berriei esker: tomatea Plaza Nagusian, eta gerezia Zuhaiztian. Baina horiek ez dira berritasun bakarrak izan, gaurko goizak asko utzi dituelako.
Tomatea Jesus Mari Uzinek eraman du. Azkoitiarrak denboraldia hasi du horrela, Jack motako tomateak salduz, negutegikoak. Kiloa 5,5 euroan jarri du salgai, eta di-da batean saldu ditu; bezeroak zain zeuden nonbait.
Bitarteko porru berria ere iritsi da, oraindik zaharra badago ere. Sortak 2,5 euro egin du.
Ilarrak eta babak oraindik ugari daude salgai. Ilarra 12 eta 14 euro artean dago, eta baba 3 eta 6 euro artean. Miren Jauregik aletuta ere saltzen ditu.
Karraspina, nobedade
Perretxikoetan ere izan dira berritasunak. Hasteko, Garbiñe Barandiaran arabarrak ere ziza salmenta denboraldia abiatu duela esan behar da. Gaur elkartu diren hiru saltzaileen artean, eta plaza barruan salgai jarritakoak batuta, 260 kilo ziza eskaini dituzte guztira, kiloa 10 eta 50 euro artean.
Bestalde, ehun kilo onddo ere izan dira saltzeko, 15 eta 30 euro artean, eta nobedadea, Mikel Lasarenean egon da: karraspina (zortzi kilo, 40 euroan).
Perretxikoen ataletik kanpo, Abel Goiburuk eta Naroa Irigoienek ketutako gazta aurkeztu dute, kiloa 21,5 euroan.
Arizmendi gazta saltzaileak, bestalde, datorren astean 50 urte beteko ditu Ordiziako azokan, eta bezeroekin ospatuko du urteurrena.
Landareak aldatzeko garaia
Baratzerako landareen salmenta bizi-bizi doa, eta goizean ilarak ikus zitezkeen hiru postuetan. Denetik dute dagoeneko, eta jendeak erosteko gogoa ere bai.
Prezioei buruz galdetuta, hona hemen produktu garrantzitsuenekin egindako zerrenda: leka (0,25 €); Jack tomatea (0,70-0,80€); piperrak (0,20-0,30 €); azelga (0,08-0,10€); letxugak (0,06-0,10 €); kuia, kuiatxoa eta luzokerra (0,20-0,50€); erremolatxa eta berenjena (0,10 €); marrubia (1€); eta porrua eta tipula (3,5-4 €, ehunekoa).
Hezurdun frutak
Gerezia, berriz, Aragoitik iritsi da, eta Tolosako Iriarte fruta saltzaileak jarri zuen salgai lehen aldiz joan den astean, Zuhaiztiko postuan. Gaur Vesgak ere bazituen. Kiloa 7,9 eta 9,5 euro artean zuten salgai.
Fruta berri gehiago ere ikusi dira gaur: brinoia (5,9-7,9 euro), albertxikoa (4,95-7,9 euro) eta paraguaioa (7,9 euro).
Perico Delgado txirrindularia
Gaurko feriak izan ditu bisitariak ere, azken asteetan bezala. Urnietako Salesianos eskolako ikasleek nahiko zalaparta sortu dute, baina zalapartarik handiena, dudarik gabe, Perico Delgado txirrindulariak eragin du. Goiturrek gonbidatuta, Tourra dela eta, Goierri promozionatzera etorri da, eta goizean bueltatxo bat eman du ferian txirringa eta guzti.