Arkatzak banatu dizkie sariak herriko marrazkilari gaztetxo onenei
Aurtengoak 20. edizioa bete du eta 28 partaide izan ditu. Lan guztiak ikusgai daude Kultur Etxean hilaren 19ra arte. Astelehenean uda ikastarorako izen-ematea irekiko dute.
Arkatza elkarteak atzo arratsaldean banatu zituen herri mailako haurren 20. marrazki lehiaketako sariak, ultur Etxeko areto nagusian egindako ekitaldi batean. Sari banaketaren ondoren, lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa ireki zuten ondoko aretoan. Hilaren 19ra arte egongo da zabalik erakusketa.
Marrazki lehiaketaren 20. edizio hori joan den asteko larunbatean jokatu zen, eta 28 partaide izan zituen. Hauek izan dira irabazleak: A atalean (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. maila), Ibon Huerta, Hodei Herranz eta Oinatz Hernandez; B atalean (3. eta 4. maila), Hirune Garcia, Paula Castrillo eta Izar Legorburu; eta D atalean (5. eta 6. maila), Asier Ramos, Alaitz Agirre eta Irati Garcia.
Epai-mahaia Miren Garciak, Paki Iraolak, Noel Realek, Mari Jose Hidalgok eta Mila Calvok osatu dute.
Atzoko sari-banaketa ekitaldian Eric Galvez alkateordeak eta Iñigo Imaz kultura zinegotziak parte hartu zuten, eta Arkatza ordezkatzen Dani Uribetxebarriak jardun zuen.
Uda ikastaroa
Arkatzak, bestetik, uztaileko ikastarorako izena emateko epea irekiko du astelehenean, hilak 15, eta ekainaren 2ra arte egongo da zabalik, Kultur Etxean. 28 plaza daude.
Ekainaren 26tik uztailaren 21era izango da, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 12:30era. Parte hartzeko gutxieneko adina 6 urte izango da (2017an jaioak). Ikastaroaren kostua 50 euro da.