Legazpiko PSE-EEk arrosak banatu ditu, hauteskunde kanpaina abiatzeko
Gaurko azoka eguna baliatu du Oscar Valbuenak herritarrekin elkartzeko, sozialisten programa azaltzeko eta bere aldeko botoa eskatzeko.
Oscar Valbuena Legazpiko PSE-EEko alkategaiak arrosak banatuz ireki du maiatzaren 28ra begirako hauteskunde kanpaina. Gaur Legazpin azoka eguna izan dela baliatu du sozialistak herritarrekin elkartzeko eta bere aldeko botoa eskatzeko. Azoka inguruan eta Hegialden ibili da goizean zehar.
“Kanpaina hasi da, eta beste hauteskundeetan bezala, gaur eta datozen ostiraletan, arrosen banaketa egingo dugu. Guretzat ekitaldi polita da, eta garrantzitsua, alde batetik arrosa gure alderdiaren ikurra delako, eta bestetik, jendearekin egoteko eta elkartzeko unea delako. Herritarren kezkak eta kexak ezagutzeko, eta gure proposamenak eta programa helarazteko baliatuko dugu, baita gure aldeko botoa eskatzeko ere”, azaldu du hautagai sozialistak legazpiarren artean arrosak banatzen hasi aurretik.
Bestalde, Valbuenak zerrenda osatzen duen taldeaz ere hitz egin du, eta “oso talde potentea” dela azpimarratu du, “esperientzia dauka enpresan, administrazio publikoan eta gizarte arloan”. Bere taldeaz “oso harro” dagoela esan du.