Bost hautagai, proiektu ugari
EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeetako alkategaiak arituak dira Legazpiko Udalean, PPkoa ez. Sidenor ohiko eremua eta Ezkurrenea dira gai nagusiak.
Bost hautagaitza dituzte aukeran legazpiarrek udal hauteskundeetarako. Alkategaietatik, lau esperientzidunak dira udal zereginetan: EAJko Eric Galvez, EH Bilduko Edurne Gonzalez, PSE-EEko Oscar Valbuena eta Legazpiko Berdeak+Independenteak taldeko Alberto Bezunartea. PPko Alfonso Delgado lehen aldiz aurkeztu da Legazpin.
Ekonomia
Legazpik duen «industria ehun garrantzitsua» zainduko du EAJ-k, eta SPRI Sidenorren egiten ari den lana nabarmendu du. Bertara enpresak erakarri nahi ditu, «kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko».
EH Bilduk Sidenor, Arcelor, Kaminpe eta Irimo berraktibatuko ditu «oinarri teknologikoko enpresak ezarri, eta kalitatezko lanpostuak sortzeko». Tokiko merkataritzarako plataforma digitala eta «ekonomia soziala eta kooperatibismoa» ikur duen UG Koop ekimena bultzatzatuko ditu. Arlo sozio- sanitarioari bultzada emango dio, landa eremuarentzat plan bat egingo du, eta turismoa sustatuko du.
PSE-EEk industria eta herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatu, enpresa txikiari lagundu eta turismo sektorearentzako aukera berriak bilatuko ditu. Proiektu nagusia Sidenor eta SFP eremuen berroneratzea da. Berrikuntza zentro bat sortzea eta ontziak sailkatzeko planta lekuz aldatzea proposatu du, eta lehen sektorea bultzatuko du.
Berdeek diru publikoaren kudeaketa «eraginkorrean eta kolektiboan» jarriko dute indarra.
Gizarte arloa
Legazpik gizarte arloan duen «erronka nagusietako bat biztanleen zahartzea» dela jakinda, EAJk Ezkurreneako proiektua bultzatuko du, belaunaldiartekotasuna ardatz duena: «Bertan, eguneko arreta-zerbitzua, tutoretzapeko etxebizitzak eta gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko apartamentuak jarriko ditugu».
EH Bilduk «gizarte gero eta feministago bat eraikitzeko» lan egingo du, eta «oinarrian pertsona ardatz duen arreta eredua» sustatuko du, zaintza eta zaintzaileak ahaztu gabe. Ezkurrenea edo «belaunaldien arteko eta izaera komunitarioko espazioa» ere gogoan du, eta etorri berriei harrera egiteko plana diseinatuko du. Berdintasun Mahaia indartzen jarraituko du.
PSE-EEk «estrategia berri bat» ezarriko du gizarte arloan, etxeko zaintzaren alde eta gizarte bazterkeriaren aurka eginda. Ezkurrenean zaintzapeko etxebizitzak sustatu, Eguneko Arreta Zerbitzua bultzatu, Gizarte Zentroa dinamizatu, Eskualdeko III. Berdintasun Plana garatu eta lehen LGTBI Plana landuko du.
Beste udalekin lankidetzan, «murriztutako osasun-zerbitzuak» berreskuratzeko lan egingo dute Berdeek. Udal etxebizitzen parkea handitu eta alokairu sozialerako bigarren eskuko etxeak erosi, haurreskolak egokitu eta hornitu, udal gizarte zerbitzuak indartu eta Gizarte Zentroa birmoldatuko dute.
Garapen iraunkorra
Mugikortasunari egin dio aipamena EAJk atal honetan. Bidegorria luzatuko du, Arantzazu, San Martin eta San Jose auzoentzako aparkalekuak egingo ditu eta Olaberrian kamioientzako gune bat sortuko du. Junetorri autobus jasangarri berria erosiko du, eta geltokiko lanak bukatzeko, Adif presionatzen jarraituko du.
PSEk ere tren geltoki berriaren alde egingo du, eta mugikortasun elektrikoa bultzatuko du, Junetorri barne. Aparkatzeko ordenantza aldatzea eta bidegorriak konpontzea ere proposatu du. Urola ibaia babestu, mendietako ingurumena leheneratu, hondakinen gaikako bilketaren inguruan kontzientziatzen jarraitu, lehen energia komunitatea sortu eta Saturnino Telleriako ur biltegia birmoldatuko du.
EH Bilduk «energia eredu iraunkor eta burujabe baterantz aurrerapausoak» emango ditu, autokontsumoa oinarri duen «beste eredu energetiko bat» sustatuta, eta komunitate energetikoak sortuta.
Berdeek airearen kalitatea aldizka neurtzea, eta haur parkeak estalita, estalkiak energia garbia sortzeko baliatzea nahi dute.
Kultura, kirola, euskara
EAJk Legazpiko Hezkuntza Mahaia sortuko du, «elkarbizitza osasuntsu eta inklusiboa lortzeko». Hizkuntza politika indartuko du euskaren erabilera areagotzeko eta kultur ekitaldi gehiago egingo ditu. Kirolaren alorrean, kiroldegiko gimnasioa berritu eta handitu eta ordutegia zabaltzeaz gain, futbol zelaian hobekuntza lanak egingo ditu.
EH Bilduk jarduera fisikoaren plan estrategikoa sortzea, kirol ekipamenduak berrikustea, Eskola Kirolari buruz hausnartzea eta Osasunaren mahaia sortzea nahi du. Euskara herriko hizkuntza nagusia izateko sustapen lanak egingo ditu, eta euskara ardatz izango duen eskualdeko «egitasmo komunikatibo multimedia bat» bultzatuko du. Jai eredu berri bat ere landuko du.
Kirolen arloan, PSE-EEk gimnasioa handitzea, Domingo Agirreko kantxako teilatua konpotzea eta Irene Paredes kirol gunean eraikin berri bat egitea proposatu du, baita kiroldegiko eta Kultur Etxeko ordutegiak luzatzea ere. Euskararen Normalizaziorako Plan berria ere bultzatuko du, ikuspegi integratzaile eta anitzetik. Museoak eta ondare kulturala-industriala babestea nahi du, baita kultur ekitaldiak bultzatzea ere.
Berdeak taldeak Irene Paredes kirol gunea egokitzea eta berritzea eta Barrendiola aisialdirako eta kirolerako gune gisa egokitzea proposatu du.
Hiirigintza
Hirigintza arloan proiektu ugari ditu EAJk: Aizkorri kalea hobetzea, Urtatzako depositua berreskuratzea, San Inazioko txabolen inguruan aparkalekua eta aisialdi gunea egitea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin jarraitzea, Latxartegiko parkea berritzea eta jolasgunea estaltzea, eta Guriditegin eta Olaberrian ur saneamendua amaitzea.
EH Bilduk ere egin ditu hirigintzarako proposamenak: irisgarritasuna hobetzea Bikuña, Itxaropen, Arantzazu, Hegialde eta Aizkorrin, auzotarrentzako topalekuak sustatzea, berdeguneak zabalduz espazio publiko atseginagoak sortzea, herriko ondarea balioan jartzea, Lartxartegiko parkea birmoldatzea eta Olaberriko burdinola eta Mirandaola eta Urtatza-zaharreko aisialdi guneak zaintzea.
Hauek dira PSEren proposamenak: Azpikoetxe eta Hegialdeko etxebizitza eremuen garapena; Hegialden aparkaleku gehiago eta gizarte zentro bat egitea; Urtatza, Laubide, San Joan, San Ignazio, Itxaropen eta Bikuñan traba arkitektonikoak kentzea eta Aizkorri-Itxaropen igogailua jartzea; San Martinen bide berri bat egitea eta Muruko bidegurutzea eta Aizkorri kalea konpontzea; Latxartegi eta San Ignazioko parkeak birmoldatzea; Urtatzako eta futbol zelaiko parkeak estaltzea; eta Brinkolarako eta Telleriarterako sarbideak egokitzea.
Legazpiko Berdeek, azkenik, herri osoan aparkaleku plazen kopurua handitzea, Brinkolan haur parke berri bat egitea eta aterpetxea birgaitzea, eta Urtatzako biltegiaren inguruko lurrak eta San Ignazioko txabolen zonaldekoak berreskuratzea proposatu dute.
Berdeak + Independientes Programa
Hautesle errolda. Legazpiko 6.546 herritar (bertan erroldatutakoak eta 18 urtetik gorakoak) daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa ematera deituta.
13 zinegotzi. Legazpiko udalbatza 13 zinegotzik osatuko dute 2023-2027 legealdian. Ekainaren 17an egingo dute udalbatza osatzeko ekitaldia.
2019ko emaitzak
Alderdia Botoak Zinegotziak
EAJ 2.027 6
EH Bildu 1.787 5
PSE-EE 624 1
Legazpiko Berdeak 327 1
Historikoa
Legazpiko alkateak
1979-83. Jose Inazio Elortza (EAJ)
1983-87. Jose Inazio Elortza (EAJ)
1987-91. Prontxio Larrañaga (EA)
1991-95. Jose Inazio Elortza (EAJ)
1995-99. Juan R. Larrañaga (EA)
99-03. Juan R. Larrañaga (EA-EAJ)
03-07. Juan R. Larrañaga (EA-EAJ)
2007-11. Sotero Plazaola (EAE)
2011-15. Kepa Urtzelai (Bildu)
2015-19. Koldobike Olabide (EAJ)
2019-23. Koldobike Olabide (EAJ)