Bihar hasiko dira herriko talentuaren alde apustua egin duten Hegialdeko jaiak
Trapalata txaranga, Erne trikitixa hirukotea, Markel Vesga xake jokalaria eta Eneko Gutierrez magoa gonbidatu dituzte. Jatekoa, edatekoa, kirola eta musika ez dira faltako bihartik. Jai batzordea boluntario bila dabil.
Festak bueltan dira Legazpin, eta oraingoan Hegialde barruan sartzen diren Laubide, Urtatza eta San Joan auzoen txanda da. Bihar ostirala hasiko dira igandera arte luzatuko diren Hegialdeko festak.
Txupinazoaren ordua 19:00etarako iragarrita badago ere, festa giroa lehenago hasiko da. Urtero bezala, karroza jendez eta musika ozenez bete, eta herriko erdigunera jaitsiko dira hegialdetarrak gainerako legazpiarrei auzoko festetarako deia egitera. Hegialden bertan egingo dute gero erronda, eta, esandako orduan, Goiherri tabernaren parean jaurtiko dute jaien hasiera ofizialeko txupina.
Hortik aurrera, eta igande gauera arte, etenik gabeko jai giroa zabalduko da Laubideko kale nagusiaren inguruan.
Legazpiar ugari egitarauan
Iazko jaiak 42. urteurrenaren ospakizunarengatik bereziak izan ziren (40 urteak ziren ospatzekoak, baina pandemiak atzeratu egin zuen ospakizun hori), eta aurtengoak ere halakoak izango dira, Legazpiko talentu gaztearen aldeko apustua egin dutelako. Egitarauan ekitaldi ugari bildu dituzte, baina aipagarriak dira legazpiarrek eskainitako emanaldi eta saioekin beteko dituztenak.
Hala, musikaren atalean badago Legazpiko ordezkari ugari, bihar bertan txupinazoaren ondoren eta igande arratsaldean kalejirak egingo dituen Trapalata txarangatik hasita. Horrekin batera, Hegialde bertako Ttipi-Ttapa txarangako kideak ere ibiliko dira, bihar. Legazpiko Erne trikitixa hirukoteak, berriz, larunbat eguerdia girotuko du.
Kirolen atalean, xakea da aipagarri. Auzoko bertako Markel Vesga xake jokalari gaztetxoak aldi bereko partidak jokatuko ditu itsuan, larunbatean, 10:00etan hasita. Maldan Behera inertzia kirolen elkarteak, berriz, sputnik goitibehera saioa antolatu du igande arratsalderako.
Larunbat arratsaldeko magia ikuskizunak ere legazpiar zaporea izango du, Eneko Gutierrez magoak eskainiko duelako.
Ia betiko egitaraua
Bestela, ia betiko egitaraua da aurtengo jaietakoa. Etengabe boluntario bila dabilen jai batzordeak larunbatean Grupo Nortek alaituko duen dantzaldia, igande eguerdiko El torico zezen ikuskizuna eta igande arratsaldeko harria jasotzen eta aizkoran arituko diren emakumeen saioak nabarmendu ditu.
Herri kirol jaialdia igande arratsaldean izango da, 18:00etan, eta honako kirolari hauek arituko dira lehian: aizkoran, Malen Barrenetxea, Bea Tunko, Aratz eta Eneko Esnaola; altueran egurra mozten Joxe Mani Esnaola; eta harria jasotzen, Ane Zinkunegi eta Udane Ostolaza.